Txirritaren 1936ko txapela Uztapidek irabazi zuela dioen zurrumurrua, argituta?

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 20a, 00:00
1936ko Bertsolari Guduko bederatzi finalistak, Txirrita erdi-erdian dela.

1936ko Bertsolari Guduaren inguruko azterketa egin du Felix Irazustabarrenak, eta txapelketa hartako dokumentazioa atera du argitara. Horren arabera, txapel hura ez zioten oparitu Txirritari: benetan irabazi zuen berak, 1249 punturekin, Uztapideren aurretik (1194).

Bada zurrumurru bat, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren historian, duela 80 urte baino gehiagotik airean dabilena. 1936 urtekoa da: II. Bertsolari Gudua jokatu zen orduan (gerora Bertsolari Txapelketa Nagusia izango zena), urtarrilaren 19an, Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Txirritak, Jose Manuel Lujanbio ereñotzuarrak, jantzi zuen txapela egun hartan. Zurrumurruak dio, ordea, Uztapidek (Manuel Olaizola) irabazi zuela, baina Txirritari eman ziotela txapela, zaharra zegoelako eta beharbada beste txapelketarik ezingo zuelako jokatu.

Horren harira, azterketa egin du Felix Irazustabarrenak, eta artikulu argigarria plazaratu du bertsoa.eus atarian. Txapelketa hartako dokumentazioa eskuratu eta aztertu du Irazustabarrenak, eta horren arabera, benetan irabazi zuen txapela Txirritak, 1249 punturekin, Uztapideren aurretik (1194).

 

Uztapideren liburua, 
zurrumurruaren iturburu

Uztapidek berak jarri zuen mahai gainean, hamarkadaz hamarkada iraun duen eztabaida. 1974an argitaratu zuen Lengo egunak gogoan liburua Uztapidek, eta bertan, honakoa zioen, hitzez hitz, 1936ko Bertso Guduaren inguruan: «Han bertsotan giñala, beste aldean epai-maikoak klasifikazioa egiten ariki, ta Txortxiko Santik esan zidan nik bigarren premioa nuala. Lenbizi ez nuan sinistu ere egin, baña gero zorionak ematen-da asi ziran da ia etzegoan dudarik. Nik nere denboran izan dedan pozik aundiena bertsoakin, orduantxe izan nuan. Gero juraduko batek esan zidan ia kontentu gelditu al nintzan premioarekin. Baietz esan nion. Kontentu geldituko ez nintzan, ba, bigarren premioarekin? -Ba, lenbizikoa irabazi dezu -esan zidan-. Baña Txirrita gizarajoa zarra dago, ta urrengo urtean etortzeko ere zuk itxura geiago daukazu. Ori urte askoan ezin liteke etorri, ta aurten orri ematea pentsatu degu. Ni ondo naiz! Ez nuan pentsatzen premioan sartzerik ere! Bost premio zeuden da ni gabe partituko zirala uste nuan. Bigarrena eman zidaten da zoratuta gelditu nintzan».

Felix Irazustabarrenak azaldu duen bezala, «hortik aurrera askoren ahotan ibili izan da txapela hura ez zuela Txirritak irabazi». Wikipedian ere, Txirritaren biografian, horrela dago jasota: «1935ean lehen Euskal herriko Bertsolari Txapelketako txapeldunorde izan zen, eta hurrengo urteko edizioan txapela eman zioten, bertsolariarentzako omenaldi gisa». Irazustabarrenak berak argitu du, 1935ean ez zela bigarren izan Txirrita; Matxin izan zela bigarren, eta Zepai hirugarren, Basarri txapeldunaren atzetik.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren argitalpenetara ere iritsi da zurrumurrua. 1985ean, Bertsolari Guduak (1935-1936) liburuaren berrargitalpena egin zuen, eta Imanol Muruak, garai hartako Diputatu Nagusiak, horrela zioen: «Jakina den bezela, Txirritarentzat izan zen txapela, nahiz eta bertsozaleen artean zabalduta dagoen ustearen arabera, egun horretan benetako txapelduna Uztapide gaztea izan. Alegia, zaharrari zor zaion errespetuagatik edo, eman omen zioten egun hartako txapela Txirritari eta ez Uztapideri. Agian egunen batean argituko den auzia izan daiteke hau». 

Gaur arte iritsi da zurrumurrua, eta Pako Aristi idazleak berriro atera du argitara Uztapideren kontakizuna aurten, Nire Uztapide liburua berrargitaratu duenean.

Kontakizun eta zurrumurruak alde batera utzi, eta badira Bertsolari Gudu hartako bertsoak aztertu eta epaia eman dutenak, Felix Irazustabarrenak aditzera eman duenez. Izan ere, Joseba Zubimendik bildu zituen bertso haiek, Bertso Guduak 1935-1936 liburuan, eta bere azterketa egin dute Jesus Mari Etxezarreta Izazpik eta Xabier Amurizak. Honela dio Izazpik, 1984an argitaratutako Bertsolarien desafiuak, guduak eta txapelketak liburuan, hitzez hitz: «Uztapidek, bere liburuan dio, bera zala leenengo (juraduko batek ala esan ziola) baiña nik bertso danak irakurri ondoren, bat baiño geiago aldiz, Txirrita ikusten dut txapeldun ezpairik gabe. Orduan ere juraduan buru berotzailleren batzuk egongo ziran, Uztapidek diona egia bada. Bertsoak irakurri eta bakoitzak juzga dezala!».

Ildo beretik idatzi zuen Amurizak, 1999ko Enaz banaz liburuan, Aldundiaren Bertsolari Guduak 1935-1936 liburuaren kontrazalak dioenari erreferentzia eginez: «Honelakoak zabaltzeko eta idazteko kuxidadea izan dabenek hoba zeukien bertsoei arretaz begiratu baleutse. Inoz ez jatan bururatuko bertsino hori dudan jarterik, txapelketa haretako bertsoak aztertu ez baneuz, Elhuyarren CD ROM baterako. Orain lasai esan daiket Txirritak merezimentu osoz jantzi ebala txapela eta beste suposamen guztiak maneiu arloteak direla. Bost puntuei oso ondo erantzunaz ganera, saio haretan bertso antologikoak kantatu ebazen gerraren gaian».

 

1936ko txapelketaren 
prentsa dosierra, argigarri

Balorazio horien harira, honakoa dio Felix Irazustabarrenak, bere artikuluan: «iritzi kualifikaturik behar bada, hemen Txapelketa Nagusietan epaile ibilitako bi adituena. Esanguratsua eta kontutan hartzekoa. Baina, iritzia, balorazioa hori ere, esango du norbaitek. Eta hemen dudan dagoena orduko epaileek ziotena da, haien balorazioa. Edo hobeto esanda, ea orduko epaileek eta antolatzaileek zerbait baloratu eta ondoren beste zerbait erabaki ote zuten». Eta horri ere aurkitu dio erantzuna: «Idatzita, eta jasota, geratu da orduko epaileek ziotena. Hori begiratzea bidezkoena eta juxtuena. Beraz, matematikara joko dugu».

Aditzera eman duenez, Bertsolari Eguna-1936. urtea izeneko prentsa dosier batean ageri dira Bertsolari Gudu hartako puntuazioak, diru kontuak, klasifikazioak, bertsoen transkribaketak, lanak, egunkarietako kronikak... Kutxaren Doctor Camino liburutegian dago prentsa dosier originala, eta Xenpelar Dokumentazio Zentroan kopia bat. 

Puntuazioei dagokienez, bere orria zeukan egun hartako bost epaileetako bakoitzak: Toribio Alzaga, Jose Ariztimuño Aitzol, Jesus Maria Leizaola, Manuel Lekuona eta Jose Olaizola. Nork bere orrian, bertsolari bakoitzeko eta bertso bakoitzeko puntuazioa ematen zuen, eta bertan ageri da puntuazio sistema ere, 0 eta 20 puntu bitartekoa. Dosierrean bada beste orri bat ere, epaile bakoitzaren batuketa erakusten duena, Irazustabarrenak azaldu duenez.

Horrela, honakoa da Bertsolari Gudu hartako bederatzi bertsolarien puntuazioa: Txirritak 1249 puntu, Uztapidek 1194, Akilino Agirre Zepaik 1145, Mixel Dargaitzek 1116, Juan Felix Iriartek 1096, Jose Inazio Etxeberriak 1063, Euxebio Eizmendi Txapelek 1047, Juan Jose Lujanbiok 984, eta Joanes Harrietek 942.

Guztira 16 bertso kantatu zituen bertsolari bakoitzak, lau zatitan banatuta: agurrak (bi bertso), gerra zitala (hiru bertso), puntuak emanda (bost bertso) eta ofizioa jarrita (sei bertso). Bertso guztiak banan-banan dauzka epaituta epaimahaikide bakoitzak: «Bertsolari gudaketa-Epaikari iritzia, 1936 ageri da orrialde bakoitzeko izenburuan, eta eskuz idatzita epailearen izena, bertso bakoitzaren puntuazioa eta zein saiori (zatiri) dagokion. Zati bakoitzeko orri bat epaileko», azaldu du Irazustabarrenak: «Epaile bakoitzaren beste orri bat dago non zati bakoitzeko batuketa eta batuketa orokorra azaltzen den. Epaimahaiko guztien batuketa Guzira izeneko azken orri batean dago. Bertan, bertsolarien postuak azaltzen dira. Banan banako orrietan Lekuona azaltzen da epaile moduan eskuz idatzita, eta batuketa garaian Basarri/Lekuona jartzen du aurreneko orrietako puntuekin».

Hori horrela, Irazustabarrenak nabarmendu du, Txirritaren eta Uztapideren arteko konparaketa eginda, lehenengo zatian nagusitu zela Uztapide, eta beste hiruetan Txirrita. «Lehendik jantzita zuen txapela Txirritak, eta itxura denez, 1936ko urtarrilaren 19ko horretan ez zioten besterik jantzi. Eman bai ordea, eta bakoitzari berea».

Aurreko urtean Basarriri be­­zala, Txirritari ere egin zioten omenaldia, txapeldun gisa, 1936ko martxoaren 22an Errenterian. Bi hilabete pasatxo beranduago hil zen, ekainaren 3an.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!