Harrapazka egunaren bueltako informazio-panelak, Igoin-Sasin

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 9a, 00:00

Igoin-Sasi eremuan jarri dituzte panelak, Hernani eta Orereta arteko mugan.

Ereñotzuko Auzo Udalak lau panel jarri ditu, «ondarea zabaltzeko eta historia ezagutarazteko».

Ereñotzuko Auzo Udalak Bizimodua auzolanean egitasmoa jarri zuen martxan 2015. urtean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura sailaren laguntzarekin. Egitasmo horren barruan, Harrapazka Egunari lotutako ezagutza eta historia ikertu zen. Ikerketa horretarako, ezinbestekoa izan zen Aranzadi Zientzia Elkartea eta Dobera Euskara Elkartearen laguntza, «beraiek aurkitu eta elkarrizketatu baitzituzten egun berezi hau bizi izan zuten azken testiguak», aipatu dute Auzo Udalekoek.

Harrapazka Eguna iñistorra (iratzea edo garoa) ebakitzeko garaiari irekiera ematen zion eguna zen, eta irailaren 8aren inguruan ospatzen zen urtero. Egun hori ospatu bitartean, debekatua zegoen iñistorra moztea, multa jasotzeko arriskuarekin. Egun haundia izaten zen zinez, «egunak berak zituen berezitasunengatik, bai eta zuen garrantziagatik ere».

2016ko irailaren 24an, Harrapazka Eguna amaitu zela 75. urteurreneko ekitaldia izan zen, eta Igoin-Sasin garai batean pagoa zegoen lekuan landatu zen pago berria, hainbat auzotarrekin batera, Harrapazka Eguna bizi izan zuten azken testiguekin batera.

 

Informazio-panelak ikusgai aste honetan, Igoin-Sasin

Orain, irailaren 8aren bueltan, «orduan jasotako testigantzak utzitako ondarea zabaltzeko asmoz eta Igoin-Sasin landatutako pago horren historia ezagutarazteko helburuz», Ereñotzuko Auzo Udalak 4 informazio panel jarri ditu aste honetan. Irudi erakargarriekin batera, horrekin lotutako informazioa ageri da panel bakoitzean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!