Urtero bezala, Ereñotzuko frontoia erabiltzeko ordua hartzeko aukera eskainiko du Auzo Udalak, datorren denboraldirako. Zenbait ordu tarte emango dituzte aukeran horretarako, goizez zein arratsaldez; eta aurreko denboraldian eskainitako berberak izango dira: astelehenetik ostiralera, goizeko 08:00etatik 09:00etara eta arratsaldeko 19:00etatik 22:00etara izango da ordua erreserbatzeko aukera; eta larunbat eta igandeetan, berriz, goizeko 08:00etatik 10:00etara.
Datorren astean izango da ordua eskatzeko epea, uztailaren 18tik 22ra; eta hiru bide izango dira aukeran, horretarako: Ereñotzuko Auzo Udalera bertaratuta, 943 55 10 00 telefono zenbakira deituta, edota ereinotzu@ereinotzu.eus helbide elektronikora idatzita. Uztailaren 22an, zehazki, eguerdiko 13:00etan bukatuko da epea.
Datorren denboraldian Ereñotzuko frontoiean entrenatu nahi duten guztiek zehaztu beharko dituzte, horretarako baliatu nahi dituzten egunak eta orduak. Eta ordu jakin bat erreserbatzeko eskaera bat baino gehiago izango balitz, zozketa bidez erabakiko lukete, nori egokitu zaion.