Villafrancako Castellersak gertutik ezagutu eta bizitzeko primerako aukera, Ereñotzun

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 16a, 00:00

Castells izeneko figurak osatuko dituzte bihar, ordu eta erdiko saioan.

Taldeko kideak izango dira auzoan, gaur eta bihar. Hitzaldi-tailerra eskainiko dute gaur, 19:15etan; eta erakustaldia bihar, 20:30etan. 

Ez dute nolanahiko bisita jasoko ereñotzuarrek, gaur eta bihar. Villafrancako Castellers talde kataluniarra etorriko da auzora, eta bi saiotan, bere esperientzia eta abilezia gertutik ezagutzeko aukera izango da. Horretarako, lehenik, hitzaldi-tailerra eskainiko dute taldeko bi kidek, gaur arratsaldean: Castellersak, komunitate auto-antolatua. 19:15etan hasita, taldeko hainbat kidek emango dute Castellersen esperientziaren berri, Auzo Udaleko aretoan. Eta bihar izango da ekitaldi nagusia, 20:30etan Ereñotzuko plazan: Castellsen erakustaldia.

Castellsen inguruko xehetasunak emango dituzte gaurko saioan, bihar ikusiko dutenaren eta tradizio horren berri izan dezaten auzotarrek. Gainera, erakustaldian figura batzuk osatzeko, publikoaren laguntza ere eskatuko dute; eta une horietan egin beharrekoaren berri ere, gaurko hitzaldi-tailerrean emango dute.

 

Castellers taldeko 200 lagun, Ereñotzura bisitan

Biharko emanaldia eskaintzeko, 20:00ak aldera iritsiko dira taldeko kideak, autobusetan eta kotxeetan. 20:30etan hasiko dute erakustaldia, eta ordu eta erdiko saioa eskainiko dute. Ondoren, afaria eskainiko die Ereñotzuko Olak Auzo Elkarteak, taldeko kide guztiei, frontoian bertan.

Guztira, 200 lagun inguru eto­rriko dira, eta lau emanaldi eskainiko dituzte Gipuzkoan, h­iru egunetan. Ereñotzukoa izango da aurrenekoa, Donostian (10:00) eta Hondarribian (19:00) egongo dira larunbatean, eta Orion (11:30) igandean. Ohitura hartu du Castellers taldeak, udako denboraldia hasi aurretik Euskal Herrira irteera bat egiteko, azkeneko urteotan. Hori baliatzen dute, «talde giroa indartu, kide berriak eta gaztetxoenak trebatu, eta jendaurreko entrenamenduak egiteko».

Geldialdietako bat auzoan egitearen balioa nabarmendu du Olak Auzo Elkarteak: «Ereñotzurentzat aukera ezin hobea da, horrelako emanaldi bat auzoan eskaintzeko, eta horrelako tradizioa eta historia duen elkarte kultural baten bisita jasotzeko. Eskerrak eman nahi dizkiogu Castellers taldeari, gure auzoa aukeratu izanagatik; eta baita Jon Agirresarobe oriotarrari ere, aukera hau posible egiteagatik. Auzotar guztiak eta inguruko herritarrak gonbidatu nahi ditugu, bi ekitaldietara».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!