Gaur bukatuko dira San Antonioak, baina festa ostiralera arte luzatuko da

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 13a, 00:00

Giro paregabea izan zen atzo eguerdian, sagardo dastaketan.

Herri kirolak, bertsolariak, dantza taldeen emanaldia, pelota partiduak eta afari herrikoia izango dira azken eguneko protagonistak. Ostegunean eta ostiralean, Castellers de Vilafrancaren hitzaldia eta ekitaldia izango dira.

Asteburu borobil baten ondoren, gaur agurtuko dituzte aurtengo San Antonioak ereñotzuar guztiek. Eguerdiko 12:00etan jarri dute lehenengo hitzordua herri kirolekin, eta horrekin hasita, ez dute dute aspertzeko tarterik izango. Hain zuzen, aurreko egunetan bezalaxe, egiteko mordoa izango da Ereñotzun. Gainera, jaiak gaur amaituko badira ere, festak ostiralera arte iraungo du. Izan ere, egitaraua jarraituz, Vilafrancako Castellers taldeak geldialdia egingo du Urumea bailaran, eta hitzaldia zein ekitaldia eskainiko dute Vilafrancakoek.

 

San Antonio eguneko ekintzak

Gaurkoan, San Antonio egunean, meza izango da 08:00etan eta meza nagusia 10:30etan. Gero, eguerdian, harri-jasotzaileek eta aizkolariek emango diete segida agendako ekintzei. Harria jasotzen, Urra eta Eizmendi ariko dira; aizkoran, berriz, Nerea Arruti, Suharri Rodriguez Paolla, Laiene Pikabea eta Axel Larrañaga. Erakustaldia amaituta, Jexux Mari Irazuk eta Agin Laburuk hartuko dute erreleboa, eta bertso saioa eskainiko dute plazan, bazkalordua heldu aurretik.

Bapo bazkalduta, dantzarien txanda helduko da. Ikasturte osoa dantzan aritu ostean, Ereñotzuko eta Ttarlako dantza taldekoek emanaldia eskainiko dute frontoian. Hori amaituta, errifaren zozketa egingo da, pelota partiduei hasiera eman aurretik. Bailarako lau bikote ariko dira eskuz: Aratz Labaka eta Lier Zugasti A. Legarretaren eta Oier Arsuagaren aurka; eta Xuban Iturbe eta Oier Azpeitia Oihan Legarretaren eta Egoitz Elizegiren aurka.

San Antonio egunari amaiera bikaina emateko, afari baten bueltan bilduko dira ereñotzuarrak. Otordua frontoian izango da, bakoitzak etxetik dakarrenarekin. Hori bai, Jai Batzordeko kideek aurreratu dutenez, edariak, aulkiak eta mahaiak beraiek jarriko dituzte. Ezbairik gabe, jaiak amaitzeko aitzakia paregabea. Afaldu ondoren, suziriak botata agurtuko dituzte festak datorren urtera arte.

 

SAN ANTONIOAK 2022

GAUR

12:00 Herri kirolak plazan. Harri-jasotzaileak: Urra eta Eizmendi. Aizkolariak, Nerea Arruti, Suharri 'Paolla', Laiene Pikabea eta Axel Larrañaga. 

Ondoren Jexux Mari Irazu eta Agin Laburu bertsolarien saioa.

17:00 Ereñotzuko eta Ttarlako dantzarien emanaldia. Jarraian, errifen zozketa. 

Ondoren Pelota partiduak:
A. Labaka-L. Zugasti eta
A. Legarreta-O. Arsuaga;
X. Iturbe-O. Azpeitia eta
O. Legarreta-E. Elizegi. 

20:00 Afaria frontoian norberak etxetik dakarrenarekin. Edaria, aulkiak eta mahaiak Jai Batzordeak jarriko ditu. 

Ondoren Jaiei amaiera suziriak jaurtiz.

Urien, Balerdi, Mazizior eta Kerejeta atzo, pala partidua amaituta. 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!