Joan den ostiralean eman zieten hasiera aurtengo San Antonioei eta, ordutik, egiteko mordoa izan da Ereñotzun. Ostiralean eta atzo, haurrentzat, gazteentzat zein helduentzat izan ziren ekintzak, eta gaur, goizean goizetik hasita jarraituko dute festarekin.
Gaurkoan, dianak esnatuko ditu ereñotzuarrak. Hernaniko txistulariak bailaran barrena ibiliko dira, goizeko 08:30etan hasita. Ondoren, pelota partiduak izango dira frontoian. Emakumezkoak palaz arituko dira eta gizonezkoak, berriz, eskuz. Bitarte horretan, sagardo dastaketa izango da plazan, Ur-Mia elkarteak antolatuta. Sagardote denboraldira bueltatzeko aukera izango da, makina bat sagardotegitako sagardoa dastatu ahal izango baita: Elutxeta, Iparragirre, Otsua-Enea, Olaizola, Goiko-Lastola eta Larre-Gain.
Arratsaldean, San Antoniotako ekintza esperoenetakoa izango da: bertso jaialdia. Punta-puntako bertsolariak igoko dira oholtza gainera. Hain zuzen, bertsotan arituko dira Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze eta Miren Artetxe. 18:30etan jarri dute horretarako hitzordua, eta sarrera zabalik egongo da aforoa bete arte.
Ekintza gehiago, bihar
Asteburuko martxa jarraituta, bihar ere izango da zeregina Ereñotzun. Herri kirolak, bertsolariak, dantza emanaldia... denetarik izango da egitarauan. Jaiei gauean emango diete amaiera, suziriekin, baina ostegunean eta ostiralean ere ekintzak izango dira, Castellers de Villafrancaren eskutik.
SAN ANTONIO JAIAK
08:30 Hernaniko txistulariekin diana bailaran barrena. 10:00 Meza nagusia. 11:30 Pelota partiduak. 12:00 Sagardo-dastaketa plazan, Ur-Mia elkarteak Sagardotegiak: Elutxeta, Iparragirre, Elorrabi, Otsua-Enea, Olaizola, Goiko-Lastola eta Larre-Gain. 18:30 Bertso jaialdia: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze eta Miren Artetxe. |