Gaur, bihar eta etzi, San Antonio jaiek hartuko dute Ereñotzu, eta auzotarrek ez dute aspertzeko tarterik izango, jarduerez beteta baitago aurtengo egitaraua. Joan den asteburuan hasi ziren ereñotzuarrak motorrak berotzen, XXXV. Mus Txapelketarekin, eta hurrengo egunean jokatutako Euskadiko Bola Txapelketarekin.
Hala ere, atzo eman zitzaien hasiera ofiziala Ereñotzuko festei. Arratsaldean, Txirrita eskolako txikiek hartu zuten jaiak girotzeko ardura, ikasturte amaierako jaialdiarekin. Eta jarraian, Katiluzar Guraso Elkarteak, merienda, jolasak eta ginkana antolatu zituen, txikiei ondo pasatzeko tartea eskainiz. Gorputzak mugitzeko parada ere izan zuten auzotarrek, Aerobik taldearekin; eta jaiei hasiera ofiziala eman zieten segidan, suziriak jaurtita. Gaualdera, afari baten bueltan bildu ziren, eta afaloste ederraz gozatzeko parada ere izan zuten Ane Badiolaren, Irati Odriozolaren eta eta Joxe Amigorena oiartzuarren kantaldiarekin. Eta amaitzeko, ostiralari bukaera eman zion DJ DZ disko jartzaileak.
Gaur, berriz, puzgarriak jarriko dituzte txikientzat, 17:00etan futbol zelaian, eta 19:00ak arte egongo da aukera. Puzgarriez gain, arratsaldeko 17:00etan hasita, Hernaniko Bola Txapelketako aurreneko tiraldia jokatuko dute Ereñotzuko bolatokian. Eta arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Laiotz taldeak hartuko du festen testigua, eta goizaldera arte jarriko du musika auzoan, 21:00etatik 00:30etara atseden hartuta.
Autobusak, festetarako
Festetara bertaratzeko, gaur gauean autobus zerbitzu bereziak eskainiko dira Hernanitik eta Ereñotzutik. Zinkoeneatik bi zerbitzu aterako dira: lehena 00:00etan, eta bigarrena 03:00etan. Ereñotzutik, berriz, hiru zerbitzu eskainiko dira, goizaldeko 00:30etan, 03:30etan eta 06:00etan, hain zuzen ere.
Bihar, goizean goiz esnatuko da Ereñotzu. Izan ere, Hernaniko txistularien bisita izango dute Ereñotzuko auzotarrek, goizeko 08:30etako dianarekin. Bailaran barrena egingo dute kale buelta, giro ederra jarriz. Goizeko 10:00etan, igandeko meza nagusia eskainiko da. Etzi ere izango dira mezak, San Antonio egunez: goizeko 08:00etan hasiko da aurreneko meza, eta 10:30etan egingo dute San Antoniotako meza nagusia.
Meza amaituta, pelota partiduei emango zaie hasiera. Palaz ariko dira aurrena, binaka, bi bikote hernaniar: Ainhoa Urien eta Ekhine Balerdi, Enara Maciciorren eta Ane Kerejetaren aurka. Hain justu, haiek izan dira, jokatu berri den Hernaniko Bost Barruko pala txapelketako lau onenak. Ondoren, gizonezkoak ariko dira eskuz; afizionatu mailako pelotari onenetako lau, horien artean bailarako hiru: Hodei Exposito astigartarra eta Antton Apezetxea goizuetarra, Ekhi Irribarria aramarraren (Iker Irribarria profesionalaren anaia) eta Markel Lizeaga hernaniarraren aurka.
Pelota partiduak amaituta, egarriak asetzeko sagardo dastaketa egingo da plazan, Ur-Mia elkarteak antolatuta. Zazpi dira, sagardo dastaketan parte hartuko duten sagardotegiak: Elutxeta, Iparragirre, Elorrabi, Otsua-enea, Olaizola, Goiko-Lastola eta Larre-Gain.
Dastaketaren ostean, bazkaltzeko tarte luzea izango dute auzotarrek. Izan ere, arratsaldeko 18:00etan izango dute bertsolariekin hitzordua. Bertso jaialdi eder batekin emango zaio amaiera igandeari, eta puntako lau bertsolarirekin: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze eta Miren Artetxe.
Etzi, San Antonio eguna
Etziko eguna, ekintzez bete dute Ereñotzun. Izan ere, ekainaren 13a da San Antonio eguna. Eta astelehena izanda ere, Ereñotzuarrek seguru modu paregabean ospatuko dutela, hainbeste maite duten eguna. Eguerdiko 12:00ak aldera, herri kirolek hartuko dute Ereñotzuko plaza. Harria jasotzen, Urra eta Eizmendi ariko dira; eta aizkoran, berriz, Nerea Arruti, Suharri Rodriguez 'Paolla', Laiene Pikabea eta Axel Larrañaga. Ondoren, Jexux Mari Irazuk eta Agin Laburuk hartuko dute mikrofonoa, bertso saio txiki bat eskaintzeko, bazkaldu aurretik.
Arratsaldean, Ereñotzuko eta Ttarlako dantzarien emanaldiek jantziko dute Ereñotzuko frontoia; eta segidan, errifaren zozketa egingo da, pelota partiduei hasiera eman aurretik. Bailarako lau bikote ariko dira: Aratz Labaka eta Lier Zugasti, A. Legarretaren eta Oier Arsuagaren aurka; eta Xuban Iturbe eta Oier Azpeitia, Oihan Legarretaren eta Egoitz Elizegiren aurka.
Castellers de Villafranca taldeko kideen bisita jasoko du Ereñotzuk, datorren astean: hitzaldi-tailer bat eskainiko dute ostegunean, eta erakustaldia ostiralean, plazan.
San Antonio egunari amaiera emateko, afari baten bueltan bilduko dira Ereñotzuko auzotarrak frontoian, bakoitzak etxetik dakarrenarekin. Aldiz, edariak, aulkiak eta mahaiak, jai batzordeak jarriko ditu. Eta behin sabelak beteta, suziriak botaz, jaiei amaiera emango zaie.
Villafrancako Castellersak, Ereñotzun
Datorren astean, Kataluniako Castellersen bisita izango dute Ereñotzun, eta bi ekintzek hartuko dute protagonismoa. Ekainaren 16an, Castellers de Villafranca taldearen tradizioen inguruan jardungo dute Uri Bovek eta Ivo Jordak, Auzo Udaleko aretoan, arratsaldeko 19:15etan hasita. Eta ekainaren 17an, Castellersen erakustaldi nagusia ikusteko aukera izango dute ereñotzuarrek, arratsaldeko 20:30etan hasita, auzoko plazan. Castellersek gaztelu ezberdinak egingo dituzte, eta ikuskizuna amaituta afaria eskainiko die Olak Auzo Elkarteak, artista kataluniarrei, frontoian.
Azken urteetan, udako denboraldia hasi aurretik, Euskal Herrira irteera bat egiteko ohitura du Villafrancaco Castellers taldeak, eta aurten geldialdia egingo du Ereñotzun. Gainera, hiru eguneko egonaldia egingo dute Euskal Herrian, ostiraletik igandera, talde giroa indartu, kide berriak edo gaztetxoenak trebatu, eta jendaurrean entrenamenduak egiteko.
200 lagun inguru etorriko dira, eta lau emanaldi egingo dituzte: datorren ostiralean Ereñotzun, larunbatean Donostian eta Hondarribian, eta igandean, amaitzeko, Orion.
Emanaldi nagusia ostiralean bada ere, bezperan, esan bezala, taldeko kide batzuk inguratuko dira Ereñotzura, Castellersen inguruko xehetasunak emateko hitzaldi-tailer bat eskaintzera: «era honetan, auzotarrek, hurrengo egunean ikusiko dutenaren eta tradizioaren berri izango dute, eta figuraren batzuk egiteko publikoari laguntza eskatzean, egin beharrekoa zein den jakingo dute».
«Eskerrak eman nahi dizkiogu Villafrancako Castellers taldeari, gure auzoa aukeratu izanagatik; eta baita aukera hau posible egin duen Jon Agirresarobe oriotarrari ere»
Era berean, antolakuntza eskertuta dago Castellersen bisitagatik: «esan behar dugu, gainera, ereñotzuarrentzat aukera ezin hobea dela era honetako emanaldi bat auzoan eskaintzeko, eta horrelako tradizioa eta historia duen elkarte kultural baten bisita jasotzeko». Horregatik, eskertuta agertu dira, eta honakoa azpimarratu dute: «eskerrak eman nahi dizkiogu Villafrancako Castellers taldeari, gure auzoa aukeratu izanagatik; eta baita aukera hau posible egin duen Jon Agirresarobe oriotarrari ere. Auzotar guztiak eta inguruko herritarrak gonbidatu nahi ditugu bi ekitaldietara».
SAN ANTONIO JAIAKEREÑOTZUGAUR 17:00 Puzgarriak futbol zelaian. 17:00 Bola eta toka. Hernaniko Bola Txapelketaren hasiera. 20:00etatik 21:00etara eta 00:30etatik goizaldera Laiotz taldearekin parranda BIHAR 08:30 Hernaniko txistulariekin diana bailaran barrena. 11:30 Pelota partiduak. Emakumeak palaz: A. Urien eta E. Balerdi, E. Macicior eta A. Kerejeta. Gizonak eskuz: H. Exposito eta A. Apezetxea, E. Irribarria eta M.Lizeaga. 12:00 Sagardo dastaketa plazan, Ur-Mia elkarteak antolatuta. Sagardotegiak: Elutxeta, Iparragirre, Elorrabi, Otsua-Enea. Olaizola, Goiko-Lastola eta Larre-Gain. 18:30 Bertso jaialdia: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze eta Miren Artetxe. ETZI 12:00 Herri kirolak Ereñotzuko plazan. Harri-jasotzaileak: Urra eta Eizmendi. Aizkolariak, Nerea Arruti, Suharri 'Paolla', Laiene Pikabea eta Axel Larrañaga. Ondoren Jexux Mari Irazu eta Agin Laburu bertsolarien saioa. 17:00 Ereñotzuko eta Ttarlako dantzarien emanaldia. Jarraian, errifen zozketa. Ondoren Pelota partiduak: A. Labaka-L. Zugasti eta A. Legarreta-O. Arsuaga; X. Iturbe-O. Azpeitia eta O. Legarreta-E. Elizegi 20:00 Afaria frontoian norberak etxetik dakarrenarekin. Edaria, aulkiak eta mahaiak Jai Batzordeak jarriko ditu. Ondoren Jaiei amaiera suziriak jaurtiz. EKAINAK 16 19:15 Hitzaldia: Castellersak, komunitate auto-antolatua. Castellers de Vilafranca taldearen esperientzia. Auzo Udaleko aretoan. EKAINAK 17 20:30 Castellers de Vilafrancaren ekitaldia, plazan. |