Akola inguruan ibilaldia, natura eta euskeraren arteko lotura hartuta

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 10a, 00:00

Bihar hiru bat ordu iraungo ditu Luis Mari Zalduak gidatuta, 10:00etan, Larre Gainetik irtenda. Prezioa pertsonako 5 eurokoa da. 

Izadiaren eta hizkuntzaren arteko lotura hartuta, bihar, Gipuzkoako Parketxe Sarea fundazioak txangoa antolatu du Hernanin, Akola inguruan. Nornahik egiteko modukoa da eta Luis Mari Zaldua ikerlariak gidatuko du 10:00etan Larre Gain sagardotegiko aparkalekutik abiatuta.

Paisaiaren xehetasunak, lekuen deizioak, landareen izenak, urtaroei buruzko esaerak, koloreen ñabardurak, ahozko tradizioa, gizakiaren urratsa..., horiek izango dira, besteak beste, bidean zehar erabiliko diren gaiak. 

Ingurumenarekiko errespetua ez ezen, natura ezagutzearen «erabilgarritasuna» azpimarratu nahi da, egunerokotasunean batik bat, horretarako nekazariek eta abeltzainek aipatu jakintza hori nola erabili duten ikusiz. Lurrari kasu egiten ikasten hasteko, ibilbidean zehar, izaki bizidunak eta kultur paisaiak ikusi ahala, gidariak azalpenak emango ditu, galde-erantzunak erabiliz.

Geldiune nagusietariko bat Saratsetako lepoa izango da, paisaia ikusgarriz inguraturiko larreak eta trikuharri zoragarriak dauden txoko berezia. Txangoak hiru bat ordu iraungo ditu. Prezioa pertsonako 5 eurokoa da eta ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. Informazio gehiago eskuratzeko idatzi arditurri@gipuzkoanatura.eus helbidera, sartu www.gipuzkoanatura.eus webgunera edo deitu 943 495069 telefonora.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!