Gaurtik astelehenera bitarte San Antonio jaiek hartuko dute Ereñotzu, eta auzotarrek ez dute aspertzeko tarterik izango, jarduerez beteta baitago aurtengo egitaraua. Joan den asteburuan hasi ziren ereñotzuarrak motorrak berotzen, XXXV. Mus Txapelketarekin, eta hurrengo egunean ospatutako Euskal Herriko bola txapelketarekin.
Hala ere, gaur emango zaie hasiera ofiziala Ereñotzuko festei. 15:00etan, Txirrita ikastolako txikiek hartuko dute lekukoa ikasturte amaierako jaialdiarekin. Eta jarraian, Katiluzar Guraso Elkarteak, merienda, jolasak eta ginkana antolatu dituzte, txikiei ondo pasatzeko tartea eskainiz. Gorputzak mugitzeko parada ere izango dute auzotarrek Aerobik taldearekin, 20:00etan, eta jaiei hasiera ofiziala emango zaie, suziriak jaurtita. Gaualdera, afari baten bueltan bilduko dira, eta afaloste ederraz gozatzeko parada ere izango dute Oiartzungo Ane Badiolaren, Irati Odriozolaren eta eta Joxe Amigorenaren kantaldiarekin. Eta amaitzeko, gaurko egunari amaiera emango dio DJ DZ-k.
Bihar puzgarriak, bola eta Laiotz izango dira
Bihar, arratsaldeko 17:00etarako puzgarriak jarriko dira Ereñotzuko txikientzat, futbol zelaian, eta 19:00ak arte egongo da aukera hori. Puzgarriez gain, arratsaldeko 17:00etan, Hernaniko Bola Txapelketari hasiera emango zaio. Arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Laiotz taldeak hartuko du festen testigua, eta gauerdira arte iraungo du, 21:00etatik 00:30etara.
Autobusak, festetarako
Festetara bertaratzeko, bihar gauean autobus zerbitzu bereziak eskainiko dira Hernanitik eta Ereñotzutik. Zinkoeneatik bi zerbitzu aterako dira: lehena 00:00etan, eta bigarrena 03:00etan. Ereñotzutik, berriz, hiru zerbitzu eskainiko dira: 00:30etan, 03:30etan eta 06:00etan.