'ereinotzu.eus' webgunea jarriko du martxan Ereñotzuko Auzo Udalak, egun hauetan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 23a, 00:00

Atariak izango ditu Ereñotzuri eta Auzo Udalari buruzko informazioa, auzoko albisteak, arreta zerbitzua eta egoitza elektronikoa.

Webgune berria estreinatuko du Ereñotzuko Auzo Udalak, egun hauetan: ereinotzu.eus. Ereñotzuri eta Auzo Udalari buruzko informazio ugari izango du atariak, atal desberdinetan banatuta. 

Ereñotzu ezagutu atalean, auzoaren historiari, naturari, kulturari eta ondareari buruzko informazioa izango da eskuragarri. Naturari eskainitako txokoan bilduko dituzte, esaterako, Ereñotzuko ibilbide sareko paseoak: Onddira ibilbidea, mendi bueltak Epeletik edo Larre Gainetik abiatuta... Auzo Udalari buruzko atala ere izango du webguneak, bere sorreraren, aurreko legealdien eta egungo lantaldearen informazioarekin. Eta horrekin batera, arreta zerbitzua eta egoitza elektronikoa ere izango ditu webguneak. Gainera, auzoarekin lotutako albisteak ere jasoko ditu atariak, Ereñotzuko egunerokoa eta datozen ekitaldiak gertutik jarraitu ahal izateko. Eta azkenik, harremanetarako txokoa izango du.

Webgune berriarekin, pauso bat gehiago emango du Auzo Udalak, 2011n sortu zenean hasitako bidean, «auzoaren ongizate eta bizikidetzarako». Horrela, «auzoko berriak eta informazio guztia» eskuragarri jarri nahi dituzte, «bai auzokoentzat eta baita bisitarientzat ere».

Ereñotzuko 16 bizilagun, larunbat goizean Leitzan.


Adinekoek, egunpasa ederra Leitzan

Joan den larunbatean, bestalde, Ereñotzuko adinekoek irteera egin zuten Leitzara, Olak Auzo Elkarteak antolatuta. 16 lagun animatu ziren, eta egunpasa ederra egin zuten, goizean goiz abiatuta, autobusean. Leitzan gosaldu zuten elkarrekin, eta PeruHarri bisitatu zuten ondoren, Iñaki Perurenaren aire libreko museoa.

Eta eguna borobiltzeko, bapo bazkaldu zuten Gorritin, Ereñotzura bueltatu aurretik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!