Ereñotzuko eskolan Txirrita Astea ari dira ospatzen. Bertan, ikasleak eskolari izena ematen dion Txirrita bertsolaria gehixeago ezagutzen dabiltza artelanak, antzerkia eta kontakizunak eginez. Astea festa batekin amaituko badute ere, aurretik, beroketak egingo dituzte. Bide horretan, astelehenean eta asteazkenean ate irekiak izan zituzten.
Gaur, hirugarren eta laugarren mailako ikasleek, antzezlana eskainiko dute: hain zuzen, Txirritaren bueltan gehiago ikasiz antzerki saioa prestatu dute. Goizean, eskolako ikasleei eta, arratsaldean, familiei egingo diete emanaldia.
Biharko, maiatzaren 13rako, ibilaldia antolatu dute. Goizean, Txirritaren monumentura joango dira Aritz Zerainen laguntzarekin. Gurasoak gonbidatu dituzte, joan nahiko balute. Ekintzan, Txirritaren pare bat bertso abestu eta aurreskua dantzatuko dira.
Arratsaldean, 15:00etan, hasi eta bertso saioa izango da, eta gurasoek zein ikasleek parte hartuko dute. Gainera, bertso paper lehiaketako irabazleei saria banatuko zaie. Jarraian, Katiluzar Guraso Elkarteak eskainitako merendolaz gozatzeko aukera izango dute ikasleek. Ekintza horretara ere gonbidatuta daude gurasoak.
Kultur aniztasunaren egunak
Txirrita eskolan hainbat kultura ezagutzeko ekintzak antolatu dituzte aste honetarako eta datozen asteetarako. Batez ere beste kultura batzuk ere badituzten guraso eta senitartekoekin antolatu da.
Gaurkoan eta datorren asteko egun guztietan eta maiatzaren 23an ere izango dira ekintzak. Egun bakoitzean, kultura bat landuko dute eta honako herrialdeetako kulturak ezagutuko dituzte: errusiarra, mexikarra, ukrainarra, ijitoen kultura, suitzarra, valentziarra eta herbeheretarra. Bestalde, Mirenekin munduko eskolak ezagutuko dituzte. Musikak girotuko du patioa.