Pandemiaren ondorioz, bi urteko etenaldiaren ondoren, 10.edizioa ospatuko du Ereñotzuko Mendi Lasterketak. Maiatzaren 15ean izango da lasterketa eta oraindik izena emateko aukera dago. Lasterketa, goizeko 10:00etan izango da, eta Ereñotzuko frontoitik abiatuko dira parte hartzaileak.
Urtero moduan, umeen lasterketa ere izango da. Haurren lasterketa, helduenaren aurretik ospatuko da. Etxeko txikienek, Ereñotzun barrena emango dute buelta, eta helduen laguntza ere eduki ahal izango dute horietako askok. Antolatzaileek adierazi dutenez, umeen lasterketa doakoa da eta ez da izena eman beharko bertan parte hartzeko.
Aiako Harria Parkean barrena
Korrikalariek egingo duten ibilbidea, aurreko edizioetako ibilbide bera izango da. Hau da, 11,75 kilometro izango ditu ibilbide osoak, eta 835 metroko desnibela izango dute gorantza, Aiako Harria Parke Naturalean barrena.
Ereñotzuko frontoitik hasiko da proba, eta Txilibita baserri ondotik pasata, Larre Gaingo bidea hartu beharko dute parte hartzaileek. Ibilbideari ekin eta hankak bero-bero dituztela, antenara igo beharko dute, eta hortik, Urdaburuko bidea hartuko dute, tartean Akola, Malbazar eta Pagosardeko bistez gozatzen duten bitartean. Antolakuntzatik jakinarazi dutenez, Pagosardeko puntu horretan izango dute anoa-guneetako bat, Urdaburuko igoera zailari aurre egiteko. Azkenekoz, tontor txiki bat igo eta jaitsiera azkar eta teknikoari egin beharko diote aurre, berriro ere Ereñotzuko frontoira iritsi arte. Lasterketarekin bukatzeko, indarrak berreskuratu ahal izateko eta lasterketako gorabeherak elkarri kontatzeko, hamaiketako goxo bat izango dute parte hartzaile guztiek. Sari banaketarik ere ez da faltako aurtengoan eta hainbat zozketetan ere, parte hartu ahal izango dute korrikalariek.