Bueltan izango dira San Antonio jaiak aurten, etenaldi luzearen ondoren; eta prestaketa lanetan hasi da Olak Auzo Elkartea. Horien artean dago, aurtengo jaietako kartela aukeratzea ere, eta lehiaketa jarri dute martxan horretarako. Maiatzaren 13ra arte aurkeztu daitezke lanak, Olak Auzo Elkartean bertan, kultur etxean (Ereñotzu 2, kultur etxea; 20128 Hernani).
Nahi duten guztiek hartu dezakete parte, eta 100 euroko saria izango da irabazlearentzat.
12 zentimetroko zabalera eta 32 zentimetroko altuera izan beharko dute lanek. Paperezko formatuan eta formatu digitalean aurkeztu beharko dira, koloretan, eta edozein modalitate artistikotan. Kartelean, derrigor agertu beharko dira honako hitzak: 'San Antonio Jaiak', 'Ereñotzu' eta '2022'.
Kartazal itxi batean aurkeztu behar dira lanak, eta barnean, beste kartazal itxi batean sartu beharko dira egilearen datuak: izen-abizenak, helbidea eta telefono zenbakia.
Saritutako lana, Olak Auzo Elkartearen jabetzan geratuko da. Gainerakoak, berriz, ekainaren 14tik 17ra bitartean jaso ahal izango dituzte egileek, Auzo Elkarteko kideekin harremanetan jarrita.