Bi urteko etenaldiaren ondoren, edizio borobila izango du Ereñotzuko Mendi Lasterketak, 10garrena. Maiatzaren 15ean egingo dute, goizeko 10:00etan, Ereñotzuko frontoitik abiatuta. Hori horrela, datorren asteartean, martxoaren 15ean, zabalduko dute izenemate epea. Rockthesport.com webgunean izango da, goizeko 10:00etatik aurrera, eta 14 euro dira izenematea. Guztira, 200 korrikalarirentzat izango da tokia.
Aurreko edizioetako ibilbide bera osatu beharko dute partehartzaileek: 11,75 kilometro eta 835 metroko desnibela gorantza, Aiako Harria Parke Naturalean barrena. Ereñotzuko frontoitik hasi eta Txilibita baserri ondotik pasata, Larre Gaingo bidea hartu beharko dute korrikalariek. Hankak bero-bero dituztela antenara igo, eta hortik Urdaburuko bidea hartuko dute, tartean Akola, Malbazar eta Pagosardeko zonaldetan disfrutatuz. Antolakuntzatik jakinarazi dutenez, Pagosardeko puntu horretan izango dute anoa-guneetako bat, Urdaburuko igoera malkartsuari aurre egiteko. Azkeneko tontortxo bat igo eta jaitsiera azkar bezain teknikoari egin beharko diote aurre, berriro Ereñotzuko frontoira iritsi arte. Azkenik, indarrak berreskuratzeko eta lasterketako gorabeherak elkarri kontatzeko, hamaiketako goxo bat izango dute partehartzaile guztiek, baita sari banaketa eta hainbat zozketa ere.
Umeen lasterketa, aurretik
Helduen lasterketaren aurretik, ohi bezala, umeen lasterketa izango da. Ereñotzun barrena emango dute buelta etxeko txikienek, eta helduen laguntza ere izango dute horietako askok. Antolatzaileek azaldu dutenez, umeen lasterketa doakoa da eta ez da izena eman beharrik parte hartzeko.