Suharri Rodriguez Paolla Urrezko Aizkolarien Binakako txapeldun berria da, Julen Alberdi Txikia IV.arekin bikotea osatuta. Ereñotzuarrak eta azkoitiarrak azkeneko lanean eman zioten buelta, Ugaitz Mugertza eta Julen Gabirondorekin zuten 27 segunduko desabantailari, eta garaipena lortu zuten.
Lau bikote aritu ziren nor baino nor gehiago, Azpeitiko Izarraitz frontoian; eta garaileek 25 minutu eta 55 segundu behar izan zituzten, bost lanak amaitzeko. Bigarren sailkatu ziren Ugaitz Mugertza eta Julen Gabirondo, lanak 27 minutu eta 6 segundutan bukatuta; eta hirugarren, berriz, Joxean Etxeberria eta Patxi Mindegia (28:07). Laugarren postuan Hodei Ezpeleta eta Ibai Soroa sailkatu ziren, 30 minutu eta 56 segundurekin.
Laiene Pikabea, gora egiten ari den aizkolaria
Emakumeen Txapelketan, bi bikote aritu ziren lehian: Laiene Pikabea ereñotzuarrak eta Irati Astondoak, aurrez aurre izan zituzten Nerea Sorondo eta Nerea Arruti. Bi lan egin behar izan zituen bikote bakoitzak, eta horiek bukatzen aurrenak Sorondo eta Arruti izan ziren, 11 minutu eta 40 segundurekin. Semifinalean baina gertuago izan ziren Pikabea eta Astondoa, lana 13 minutu eta 4 segundutan bukatuta. Nabarmentzekoa izan zen ereñotzuarraren lana, eta erakutsi zuen, gora egiten ari dela.