Urumea bailarako identitate eta ondare gaien inguruan, herritarrak aktibatu eta herri mugimendua sortzeko asmotan ari dira Ereñotzun; eta horretarako, bigarren bilera egingo dute gaur, goizeko 11:00etan hasita, Auzo Udaleko aretoan. Bertaratu eta parte hartzera animatu ditu auzotar guztiak, Olak Auzo Elkarteak.
Urtarrilaren 29an egin zuten egitasmoaren aurkezpen bilera, eta interesa piztu zuen gaiak. 31 auzotar bertaratu ziren, eta kezka sortzen duten hainbat gai jarri zituzten mahai gainean: zentralaren eraikina berreskuratzeko lanketa, baso politika, energia berriztagarrien inguruan bailara ikuspegia lantzeko gogoa, lehen sektorearen inguruko hausnarketa, Urumea ibaia, harremanak, ekonomia sozialerako aukerak...
Horri guztiari forma emateko, urte osoan zehar egingo dute lanketa; eta horretarako, gaur jarri dute hurrengo hitzordua. Bertan, aurkezpen bileran ateratako gaien laburpena egingo dute aurrena, eta aurrera begirako antolaketaren inguruan ariko dira ondoren.