Laiene Pikabea eta Suharri 'Paolla' Binakako finalean, bihar Azpeitian

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 5a, 00:00

Osiñagan aritu ziren Sorondo, 'Basozabal', 'Paolla' eta Pikabea finalean dira.

'Paolla' 'Txikia'rekin batera ariko da hiru bikoteren aurka; eta Pikabea, Astondoarekin batera, Sornodo eta Arrutiren kontra.

Azpeitiako Izarraitz pelotalekuan, Urrezko Aizkolarien Binakako txapelketaren finalak jokatuko dira, bihar, eguerdiko 12:00etan hasita, mutilen eta nesken mailan. Bertan, Ereñotzuko bi aizkolari ariko dira. Mutiletan, Suharri Rodríguez Paollak bikote osatuko du Julen Alberdi Txikia IV.arekin batera. Nesketan, Laiene Pikabeak Irati Astondoa izango du lagun.

Gizonezkoen mailan lau dira bikote finalistak eta aipaturiko Paolla eta Txikiarekin batera aizkoran ariko dira Hodei Ezpeleta-Jokin Urretabizkaia Basozabal, Joxean Etxeberria-Patxi Mindegia eta Ugaitz Mugertza-Julen Gabirondo. Emakumezkoen mailan bi bikotek neurtuko dituzte indarrak eta Pikabea-Astondoren aurkariak, Nerea Sorondo eta Nerea Arruti izango dira.

Hainbat lan egin beharko dituzte aizkolariek, eta denboren batuketan denbora gutxien egiten duenak irabaziko du.

 

Harrijasotzen ere beste lau final

Harria jasotzen ere beste lau final daude iragarrita. Mikel Lopetegi Urra, Beñat Telleria eta Xabat Olaizola zortzi arroako Hiru Harri txapelketan lehiatuko dira. 100 kiloko bola, koadroa eta zilindroa erabiliko dituzte.

Emakumezkoen mailan, hiru final izango dira: goi mailan, Karmele Gisasola Zelai III.a eta Lucia Orbe; Berri mailan, Lur Errekondo eta Lierni Osa; eta Gazte mailan, Udane Ostolaza eta Aroa Sánchez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!