Auzo batzarra izango da larunbatean, goizeko 10:30etan, Auzo Udaleko aretoan edo frontoian. Bertaratzeko interesa dutenek, izena eman behar dute aldez aurretik. Horretarako, bi bide daude: 622 338 395 telefono zenbakira deituta edo, bestela, ereinotzu@ereinotzu.eus helbide elektronikora idatzita.
Lau puntu, gai zerrendan
Auzo Udalak azaldu duenez, «2022ko urte hasiera honetan urtean zehar egindakoak azaldu eta aurtengoa asmoen berri eman nahi genizueke larunbatean, egingo dugun auzo batzarrean».
Denera, lau puntu landuko dituzte gai zerrendan. Hasteko eta behin, 2021 urteko jardueren eta diru kontuen laburpena egingo dute. Ondoren, aurtengo urterako proiektuen eta asmoen berri emango dute eta, gainera, aurrekontuaren azalpena ere landuko da bigarren puntu horretan. Jarraian, Olak Auzo Elkartearen jardueraren eta aurrekontuaren onarpenari helduko diote. Eta, batzarra amaitzeko, bertaratutako auzotarren eskarri zerrenda entzungo dute.
Bertaratzeko deia luzatu diete ereñotzuarrei: «gaiek auzoarentzat duten interesa ikusita, komenigarria litzateke ahalik eta auzotar gehien elkartzea batzarrean. Zuri gonbita luzatzearekin batera, inguruan interesatuta egon litekeen guztiari abisua pasatzea eskertuko dizugu».