Suharri Rodriguez 'Paolla' eta Julen Alberdi 'Txikia IV'.a, finalera

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 8a, 00:00

'Paolla' ongi aritu zen zutikako lanean.

Legution, Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketaren lehenengo finalerdia irabazi zuten.

Suharri Rodriguez Paolla ereñotzuarra eta Julen Alberdi Txikia IV.a Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketaren finalera sailkatu ziren pasa den larunbatean Legution. Finala hiru bikotek jokatuko dute Azpeitiko frontoian eta lehenengo finalistak dira, finalerdian Mikel Larrañaga eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a gainditu eta gero.

Irabazteko lan haundia egin behar izan zuten eta sufritu ere bai. Hasieratik oso finalerdi parekatua izan zen, eta zutikako lanetan aritu ziren hobeto garaileak. Irabazleak 21 minutu eta 32 segundoko denborarekin nagusitu ziren, eta bost segunduko aldea atera zieten aurkariei. Azken lanera 21 segunduko aldearekin iritsi ziren Paolla eta Txikia IV, baina azken sei 60 ontzako enborretan hobeto moldatu ziren Larrañaga eta Izeta VI.a. Hala ere, aldea ez zuten guztiz galdu, eta garaipena lortu zuten.

Bigarren finalerdia igandean jokatu zen Beasainen eta bertan Jokin Urretabizkaia Basozabal eta Hodei Ezpeleta sailkatu ziren finalera. Hauek erraz gainditu zituzten Lopez Azpilikueta eta David Naredo eta Kañamares anaiak . Hirugarren bikotea falta da finala osatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!