Maiatzaren 15ean izango da Ereñotzuko Mendi Lasterketaren 10garren edizioa

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 4a, 00:00

Korrikalariak, lasterketaren aurreneko aldapan. Argazkia: Aitor Urkia

Bi urteko etenaldiaren ondoren, bueltan izango da lasterketa, maiatzeko hirugarren igandean, goizeko 10:00etan hasita.

2019an jokatu zen Ereñotzuko Mendi Lasterketa azkenekoz, eta ordutik, bi urteko etenaldia izan du, pandemiaren eraginez. Baina, dena ondobidean, bueltan izango da lasterketa, aurten: maiatzaren 15ean jokatuko da, igandearekin, goizeko 10:00etan hasita, frontoitik. Edizio borobila izango da, gainera: 10garrena.

Aurrerago jakinaraziko di­tuz­te lasterketaren xehetasunak; eta litekeena da, Covid-19aren harira neurri bereziak hartu be­har izatea, unean uneko egoeraren arabera. Lasterketari buruzko informazio eguneratua, eman­go dute lasterketaren Facebookeko orri­al­dean edota webgunean (erenotzukomendilasterketa.wordpress.com).

Baina ibilbidea, behintzat, au­rreko edizioetako berbera izango da, Axeriak Mendi Lasterketa Taldeak jakinarazi duenez. Guztira, 11,75 kilometroko ibilbide gorabeheratsua osatu beharko dute korrikalariek, 835 metroko desnibel positiboarekin. Ereñotzuko plazatik abiatu, eta Txilibita baserri historikoaren ondotik igoko dira korrikalariak, aldapa gogorretik, Larre Gain sagardotegira zuzenean. Bertatik, Arrondoko antenara igo, eta gainez gaineko bideari ekingo diote, Aiako Harria Parke Naturalean barrena, Urdaburuko tontorreraino. Eta lasterketaren azkeneko kilometroak osa­tzeko, jaitsiera azkar batek eramango ditu korrikalariak Ereñotzuko plazan bertan egongo den helmugara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!