Urumea bailarako Ondarearen aurkezpena gaur, ereñotzuarrek

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 29a, 00:00

Olak Auzo Elkarteak antolatuta 11:00etan hasiko da areto nagusian eta bertan bailarako identitate eta ondare gaien inguruan, herritarrak aktibatu eta herri mugimendua sortu nahi da.

Ereñotzuko Olak Auzo Elkarteak auzoko eta Urumea bailarako identitate eta ondare gaien inguruan, herritarrak aktibatu eta herri mugimendua sortu nahi du. Horretarako, gaurkoan, eskuartean duten egitasmoaren nondik norakoen berri emateko aurkezpen bat antolatu du. Auzo aretoan izango da, goizeko 11:00etan hasita eta jende asko bilduko balitz frontoira eramango da bilera.

Egoera dela eta, Ereñotzuko Olak Auzo Elkarteak nabarmendu du bertan parte hartu ahal izateko izena eman behar dela Auzo Elkartearen mugikorrera mezu bat bidalita, izen-abizenak jarriz (688 780 356).

Olak Auzo Elkarteak asmoa du, azkenaldian bailaran Ondare ezberdinen inguruan sortu diren zenbait mugimendutan oinarritzea: «eta horietatik abiatuta dinamika sendo bat sortzea dugu helburuetako bat».

Horrez gain, helburu nagusi bat ere badu sortu nahi duten Herri mugimenduak: «Ondareak herri garapenean duen balioa aintzat hartuta, Ondarea zaintzea, berreskuratzea eta kasu batzuetan berrerabilera aukera berriak lantzea». Halaber, mota honetako galderak jarriko dituzte mahai gainean: Zer geneukan? Zer daukagu? Zer eduki nahi dugu? Zertarako geneukan? Zertarako daukagu? Zertarako eduki nahi dugu?

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!