Ereñotzuko eta Urumea bailarako identitate eta ondare gaien inguruan, «herritarrak aktibatu» nahian dabil Olak Auzo Elkartea; eta horretarako, herri mugimendua sortu nahi du.
Hori horrela, asmoaren berri emateko hitzordua jarri du larunbat honetarako, Ereñotzun bertan: frontoian edo Auzo Udaleko aretoan egingo dute aurkezpena, goizeko 11:00etan.
Auzotar guztiei luzatu diete gonbitea, aurkezpen saiora azaltzeko; baina egungo egoera dela eta, aldez aurretik eman beharko da izena. Horretarako, mezua bidali behar da Olak Auzo Elkartearen telefono mugikorrera (688 780 356), norberaren izen-abizenak zehaztuta.
Azkenaldian sortu diren zenbait mugimendutan, oinarria
Auzo Elkarteak azaldu duenez, asmoaren oinarria dira «azkenaldian bailaran ondare ezberdinen inguruan sortu diren zenbait mugimendu». Eta helburua da, horietatik abiatuta sortzea «dinamika sendoago bat». Izan ere, ondareak «herri garapenean duen balioa» aintzat hartuta, «ondarea zaintzea, berreskuratzea eta, kasu batzuetan, berrerabilera aukera berriak lantzea» izango luke helburu, sortu nahi den herri mugimenduak.
Horren inguruko hausnarketa, sei galderatan laburbildu dute, aurkezpen saiorako deialdiarekin batera: Zer geneukan? Zer daukagu? Zer eduki nahi dugu? Zertarako geneukan? Zertarako daukagu? Zertarako eduki nahi dugu?
Asmoari buruzko azalpen gehiago, aurkezpen saioan jasoko dituzte, interesa dutenek.