Epea zabalik, Irrintzi taberna ustiatzeko lehiaketara aurkezteko

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 5a, 00:00

Irrintzi tabernaren inaugurazio ekitaldia, 2019an, aurreko esleipena hasi zenean.

Urtebeteko kontratua izango da, lau urtera luzatzeko aukerarekin. Abenduaren 22ra arte aukera, Auzo Udalean.

Irrintzi tabernaren ustiaketa esleitzeko, lehiaketa jarri du martxan Ereñotzuko Auzo Udalak; eta dagoeneko zabalik dago epea, proposamenak aurkezteko. Interesa dute­nek, abenduaren 22ra arte aur­keztu dezakete beraien proposamena, Auzo Udaleko bulegoan: astelehenetan 17:00etatik 20:00etara, eta asteartetik os­tiralera 09:30etatik 14:00etara. Ber­tan dauzkate lehiaketa arautzen duten klausula administratibo partikularraren pleguak eta plegu teknikoak.

Urtebetekoa izango da kontratuaren iraupena, baina urtez urte luzatzeko aukera izango da, gehienez ere lau urteko iraupena bete arte. Taberna hartzen duenak, ez dio ezer ordaindu beharko administrazioari, baina trukean, Ereñotzuko frontoiko aldagelen eta komunen garbiketa egin beharko du.

Edonola ere, eman beharre­ko gutxieneko zerbitzu bat eza­rri du Auzo Udalak. Astean zehar, egunero ireki beharko du taberna, eta eskubidea izango du goiz batean eta lanegun oso batean ixteko. Astean zehar, gutxienez 10 orduz egon beharko da taberna zabalik, eta 14 orduz asteburuan. Gainera, sukalde zerbitzua eskaini beharko du: pintxoak, gosariak, ogitartekoak, razioak, plater merkeak edo plater konbinatuak eman beharko ditu; eta bazkalorduetan eta afalorduetan, ogitartekoen zein plater konbinatuen gutxieneko karta bermatu beharko du. Auzo Udalaren eta inguruaren informazio turistikoa ere eman beharko du, eta frontoiko fitxen eta aldagelen kudeaketa egin.

Lehiaketaren inguruko infor­mazioa, eskuragarri dago Hernaniko Udalaren webgunean ere: hernani.eus/kontratazioa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!