Atsolorra igandean ospatuko da frontoian, 2019an eta 2020an jaiotakoei ongietorria egiteko

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 24a, 00:00

Azken bi urteetako apirilean ezin izan dute egin eta 17:00etan hasiko da ekitaldi batekin. Merienda ez, baina txokolate beroa egongo da.

Apirilean egin ohi dute Atsolorra Ereñotzun, aurreko urtean jaiotako haurrei ongietorria eman eta babesa erakusteko. Baina ez dute egiterik izan, pandemiaren eraginez, joan den urtekoa eta aurtengoa.

Ez dute ospatu gabe utziko, ordea: iganderako jarri dute hitzordua, 2019an eta 2020an jaiotako haurren Atsolorra egiteko.

Dena den, ezberdina izango da formatua, Olak Auzo Elkarteak aurreratu duenez. «Oraindik ere bizi dugun egoera kontuan izanda, eta bi urtetan jaiotako haurren Atsolorra elkarrekin ospatuko dugunez, formatu berezia izango du aurtengoak. Oraingoan, haurrek auzotarren ongietorria jasotzeko, Ereñotzuko frontoian elkartuko gara», jakinarazi dute.

Arratsaldeko 17:00etan izango da hori, eta urtero bezala, ekitaldi goxoa eskainiko diete aurreko bi urteotan jaiotako auzotarrei. Bertsoak eta musika egongo dira, baina aurten, ordea, ez dute aurreko urteetako meriendarik egingo. Gerturatzen diren auzotar guztiei eskainiko diete txokolate beroa, horren ordez.

Jarraian, Atsolorraren inguruko Ruben Rosaek 2018an grabatutako dokumentala ere jarriko dute, fronto­ian bertan.

'Denak ez ziren Indiano' emanaldia larunbatean

Atsolorrak emango dio bukaera, Ereñotzuko azaroko kultur egitarauari eta egun bat lehenago, larunbatean, azaroaren 27an, bi talde hernaniar ariko dira frontoian: Denak ez ziren Indiano emanaldia eskainiko dute Bitartean folk taldeak eta Ttarla dantza taldeak, 19:00etan hasita. Horretarako gonbidapenak eskuragarri daude Auzo Udalean eta bibe.me webgunean. Olak Auzo Elkarteak antolatuko du Bitartean eta Ttarlaren emanaldia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!