Banakakoaren hirugarren tiraldia bihar, Idiazabalen

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 20a, 00:00

Aurreneko bi tiraldiak jokatuta, sailkapeneko hirugarren postuan dago Ibon Miner, Gipuzkoako Banakako Bola Txapelketan.

Hirugarren tiraldia izango du biharkoa, Gipuzkoako Banakako Bola Txapelketak. Idiazabalen daukate hitzordua, eta bertan ariko dira hiru ereñotzuar, txapelketa lehiatzen ari direnak: Martxeli Kanflanka, Leandro Mi­ner eta Ibon Miner.

Eta hain justu, txapeldun izateko lehian dabil Ibon Miner. Aurreneko bi tiraldiak jokatuta, sailkapen nagusiko hirugarren postuan dago ereñotzuarra, 90 brilarekin. Aurretik dauzka Pedro Agirre, 94rekin; eta Iosu Lazkano, 91rekin.

Estreinakoan Urnietan bezala, onenen artean izan zen Ibon Miner Legazpin, bigarren tiraldian. 44 brila bota, eta bosgarren izan zen eguneko sailkape­nean. Aurretik izan zituen Pedro Agirre eta Iosu Lazkano, biak 48 brilarekin; eta Itoitz Alustiza eta Joxe Mari Etxebeste, 46 eta 45 brila botata, hurrenez hurren.

Martxeli Kanflankak, berriz, postu bat galdu zuen Urnietako tiraldiaren aldean, eta zazpigarren sailkatu zen Legazpin, 18 brilarekin. Hori horrela, postu bat egin du behera txapelketako sailkapenean ere: zazpigarren dago orain, 38 brilarekin.

Eta Leandro Minerrek, azkenik, 23 brila bota zituen Legazpiko tiraldian, eta 32garren sailkatu zen. Sailkapen nagusian 29garren dago, 54 brilarekin.

Urnietako tiraldian, Fernando Gallego eta Patxi Loreak hernaniarrek ere hartu zuten parte, baina Legazpin ez ziren aritu.

Txapelketa erdia jokatu dute dagoeneko, lau tiraldi izango baitituzte guztira. Idiazabalekoa bihar jokatuta, azkenekoa bakarrik faltako dute bolariek, Aian jokatuko dena, datorren asteburuan; azaroaren 28an.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!