Txirrita Eskolako ikasle guztiak konfinatuta, 9 positiboren ondorioz

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 16a, 00:00
Txirrita Eskolako ikasleak eta gurasoak aurten, eskolara bueltako egunean.

Atzo, zentroa itxita egon zen eta ikasleak etxetik aritu ziren. Gaur, eskolara itzuliko dira ikasgela batzuk. 

Azken egunotan koronabirus datuak zertxobait okertu dira bailarako zenbait herritan eta auzotan. Horietako bat izan da Ereñotzu, hainbat ikasle kutsatu baitira eta, ondorioz, eskola itxi behar izan dutela jakinarazi dute bertako irakasleek. 
Joan den astean, 4 ikasgela konfinatu zituzten eta ikasleek etxetik jarraitu behar izan zuten eskolako erritmoa. Baina larunbatean, berriz, beste zenbait kutsatze izan zirenez, eskola guztia itxi behar izan zuten atzo.


Gaur itzuliko dira eskolara konfinatutako ikasle batzuk

«9 umek eman dute positibo. Hasieran, kasu gutxi izan genituen; baina, gero, etxean, anai-arreben artean kutsatu ziren beste ikasle batzuk. Horregatik, pixkanaka, haunditu egin zen brotea», kontatu du Txirritako irakasle batek. «Hala ere, hartutako neurriak gehiegizkoak direla iruditzen zaigu. Gure ustez, kasu honetan, ez zen beharrezkoa eskola guztia ixtea». 
Atzo, Txirritako sei ikasgelak itxita egon ziren. «Larunbat honetan, azaroaren 13an, azkeneko bi ikasgelak ixteko aipatu ziguten. Ordura arte, aldiz, aurreko egunetan, sei ikasgelatik lau zeuden etxean», adierazi dute.
Jakinarazi dutenez, ikasgela batzuk gaur bueltatuko dira eskolara eta gainerakoak, berriz, hilaren 19an, ostiralean.


«Konfinamenduan erabili genuen metodoa aplikatu dugu»

Ikasle guztiak konfinatu behar izan dutela ikusita, Txirritakoek esan dute konfinamenduan erabilitako metodoa aplikatu behar izan dutela berriro ere. «Izan ere, ikasleek etxetik landu dituzte edukiak; online». Horrez gain, «eskolatik gertu bizi direnez», irakasleek materiala etxera eraman dietela kontatu dute eskolakoek. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!