Azken egunotan koronabirus datuak zertxobait okertu dira bailarako zenbait herritan eta auzotan. Horietako bat izan da Ereñotzu, hainbat ikasle kutsatu baitira eta, ondorioz, eskola itxi behar izan dutela jakinarazi dute bertako irakasleek.
Joan den astean, 4 ikasgela konfinatu zituzten eta ikasleek etxetik jarraitu behar izan zuten eskolako erritmoa. Baina larunbatean, berriz, beste zenbait kutsatze izan zirenez, eskola guztia itxi behar izan dute gaur.
Bihar itzuliko dira eskolara konfinatutako ikasle batzuk
«9 umek eman dute positibo. Hasieran, kasu gutxi izan genituen; baina, gero, etxean, anai-arreben artean kutsatu ziren beste ikasle batzuk. Horregatik, pixkanaka, haunditu egin zen brotea», kontatu du Txirritako irakasle batek. «Hala ere, hartutako neurriak gehiegizkoak direla iruditzen zaigu. Gure ustez, kasu honetan, ez zen beharrezkoa eskola guztia ixtea».
Gaur Txirritako sei ikasgelak itxita egongo dira. «Larunbat honetan, azaroaren 13an, azkeneko bi ikasgelak ixteko aipatu ziguten. Ordura arte, aldiz, aurreko egunetan, sei ikasgelatik lau zeuden etxean», adierazi dute.
Jakinarazi dutenez, ikasgela batzuk bihar bueltatuko dira eskolara eta gainerakoak, berriz, hilaren 19an, ostiralean.
«Konfinamenduan erabili genuen metodoa aplikatu dugu»
Ikasle guztiak konfinatu behar izan dutela ikusita, Txirritakoek esan dute konfinamenduan erabilitako metodoa aplikatu behar izan dutela berriro ere. «Izan ere, ikasleek etxetik landu dituzte edukiak; online». Horrez gain, «eskolatik gertu bizi direnez», irakasleek materiala etxera eraman dietela kontatu dute eskolakoek.