Olak Auzo Elkarteak antolatuta, bertsoa, musika, poesia eta antzerkia uztartuko dituzte bihar, Erik eta Win emanaldian. Arratsaldeko 19:00etan izango da, ilunabarrean, frontoian. Gonbidapenak eskuragai daude Auzo Udalean eta www.bibe.me webgunean.
Ander Lizarralde eta Unai Muñoa dira gidoiaren egileak eta emanaldiko ahotsa, Imanol Kamio eta Aitor Atxega musikariek lagunduta; lehenak piano eta eskusoinuarekin eta bigarrenak, berriz, gitarrarekin.
Sinopsiak aipatzen du emanaldiko ardatza dela bertsolarien arteko harremanaren eboluzioa. Aurreratu dutenez, gaur egun gizon izateak mantentzen dituen estereotipoen gainean hausnartzen dute, eta, orokorrean, sumatu litekeen nora-eza ere bistaratzen dute. Gizon eredu berriak sortzea premiazko eginkizuna dugula islatzen dute, eta horretarako erantzun zuzenik ematen ez bada ere, etorkizunera begiratzen duten urratsak xuxurlatzen direla esan liteke.