Atsolorra ospatuko dute azaroaren 28an, azken bi urteetan jaiotakoei babesa emateko

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 7a, 00:00

2019ko apirilean egin zuten Atsolorra azkenekoz, 2018an jaiotakoei eskainita.

Joan den urtekoa bertan behera geratu ondoren, 2019an eta 2020an jaiotako haurren Atsolorra egingo dute, eta frontoian izango da, formatua aldatuta. Horrekin emango die bukaera Olak Auzo Elkarteak, azaroko kultur ekintzei.

Apirilean egin ohi dute Atsolorra Ereñotzun, aurreko urtean jaiotako haurrei ongietorria eman eta babesa erakusteko. Baina ez dute egiterik izan, pandemiaren eraginez, joan den urtekoa eta aurtengoa. Ez dute ospatu gabe utziko, ordea: azaroaren 28rako jarri dute hitzordua, 2019an eta 2020an jaiotako haurren Atsolorra egiteko.

Dena den, ezberdina izango da formatua, Olak Auzo Elkarteak aurreratu duenez. «Oraindik ere bizi dugun egoera kontuan izanda, eta bi urtetan jaiotako haurren Atsolorra elkarrekin ospatuko dugunez, formatu berezia izango du aurtengoak. Oraingoan, haurrek auzotarren ongietorria jasotzeko, Ereñotzuko frontoian elkartuko gara», jakinarazi dute.

Arratsaldeko 17:00etan izango da hori, eta urtero bezala, ekitaldi goxoa eskainiko diete aurreko bi urteotan jaiotako auzotarrei. Aurten, ordea, ez dute aurreko urteetako meriendarik egingo; baina gerturatzen diren guztiei eskainiko diete txokolate beroa, horren ordez.

Gainera, ekitaldiaren ondo­ren, Atsolorraren inguruko dokumentala ere jarriko dute, fronto­ian bertan, 19:00etan hasita.

 

Azaroko bi larunbatetan, emanaldiak: 'Erik eta Win' eta 'Denak ez ziren Indiano'

Atsolorrak emango dio bukaera, Ereñotzuko azaroko kultur egitarauari. Izan ere, beste bi hitzordu ere jarri ditu Olak Auzo Elkarteak, azaroko bi larunbatetan. Azaroaren 13an, Erik eta Win emanaldia eskainiko dute, 19:00etan frontoian; eta gonbidapenak dagoeneko eskuragarri daude, Ereñotzuko Auzo Udalean eta bibe.me webgunean.

Eta hileko azkeneko larunbatean, azaroaren 27an, bi talde hernaniar ariko dira frontoian: Denak ez ziren Indiano emanaldia eskainiko dute Bitartean folk taldeak eta Ttarla dantza taldeak, arratsaldeko 19:00etan hasita. Horretarako gonbidapenak, azaroaren 15ean jarriko dituzte eskuragarri, Auzo Udalean eta bibe.me webgunean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!