Musika Bandak eta musika eskolako txistu taldeak, kontzertua Ereñotzun

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 16a, 00:00
Musika Bandako kideak, Aratz ikastetxean eskainitako saio batean, irailean.

Frontoian ariko dira, gaur arratsaldeko 19:00etan, eta Iñaki Gurruchaga bakarlariak ere hartuko du parte.

Musikak hartuko du Ereñotzuko frontoia, gaur arratsaldean, kontzertu berezi batekin: Hernaniko Musika Banda eta Hernani musika eskolako txistu taldea ariko dira bertan; eta haiekin batera, baita Iñaki Gurruchaga flauta bakarlaria ere. 19:00etan jarri dute hitzordua.

Bederatzi piezako kontzertua prestatu dute, guztira. Horietatik lau eskainiko ditu Hernaniko Musika Bandak, Jorge Pachecoren gidaritzapean: Tercio de Quites (Rafael Talens), Ross Roy (Jacob de Haan), Santana a Portrait (Giancarlo Gazzani) eta Deep Purple Medley (Toshihiko Sahashi). Musika eskolako txistu taldeak, berriz, hiru pieza joko ditu: Rapsodia Vasca (Vicente Beobide), Deva (Pablo Sorozabal) eta Mendirik Mendi (Jose Antonio Erauskin). Eta Iñaki Gurruchagak, bere aldetik, bi pieza eskainiko ditu bakarlari gisa: Las aventuras de Tiny Bird (David Rivas), eta Figuration for Shakuhachi and Band (Tetsunosuke Kushida).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!