«Helburua zen gizartetik jaso genuena gizartera bueltatzea»

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 2a, 00:00
Iñaki Sanz-Azkue eta Eñaut Agirre, osteguneko aurkezpenean.

'Gure faunari eta florari begira' liburua aurkeztu zuten atzo, Iñaki Sanz-Azkuek eta Eñaut Agirrek. Lana salgai dago Doberako bulegoan, Elkarren eta beste hainbat dendatan, 20 euroan.

Auzo Udaleko areto nagusia jendez bete zen ostegun arratsaldean, Iñaki Sanz-Azkuek eta Eñaut Agirrek kaleratu berri duten Gure faunari eta florari begira liburuaren lehenengo zatiko (ornodunak) aurkezpena entzuteko. Goizean, Koldo Mitxelena liburutegian aurkeztu zioten lana prentsari eta, ondoren, Ereñotzuko txanda heldu zen. Giro berezia sortu zen aretoan; izan ere, ereñotzuarrek ondo asko dakite zer nolako lana izan den liburu hau argitaratzea. Hain justu, Auzo Udalaren eskaera izan zen ikerketa lana egin eta liburu batean biltzearena. Eta, gainera, prozesuan, zenbait auzotarrek ere parte hartu dute egindako elkarrizketetan eta bestelako lanetan. «Realeko partidua zegoen ordu berean eta, hala ere, gela bete da», kontatu digu Iñakik, barrez. «Oso pozik gaude jasotako harrerarekin».

Euskera eta natura, batean

Dobera Euskara Elkarteko kidea da Eñaut, eta Aranzadi Zientzia Elkartekoa Iñaki. Ez da kasualitatea liburua bien arteko lanketa izatea, adituak baitira bata naturan zein animalietan eta, bestea, berriz, bertako hizkuntzan, euskeran. «Oinarrituta dago orain arte asko ikusi ez den formatu batean; oinarri zientifikoa badu ere, ez da gida zientifikoa. Egindako elkarrizketa guztietatik ja­so dugun horretan dago kokatuta, euskeran eta ahozkotasunean. Beraz, laburbilduz, esan genezake liburu honek euskera eta natura uztartzen dituela. Baina, horrez gain, gehiago ere bada, eta gaurko aurkezpenean saiatuko gara hori guztia azaltzen», hasi zuen saioa Iñakik.

300 orrialdeko liburua da, koloretan inprimatutakoa. Bertan, 150 espezie deskribatu dituzte xehe-xehe. Fitxaz fitxa, bost taldetan sailkatu dituzte espezieak: arrainak, anfibioak, narrastiak, txoriak eta ugaztunak. Aipatzen dira espezie bakoitzaren Hernaniko izenak eta aldaerak, beste euskalki batzuetako izenak eta baita euskera batuakoak ere: denera, euskerazko 600 izenetik gora ageri dira. Horrez gain, izen zientifikoa, gaztelerazkoa eta frantsesezkoa ere baditu fitxa bakoitzak.

Bitxikeriak, kondairak, usteak, istorioak, eta beste asko

Animalia bakoitzaren izenak eta alderak fin-fin azaldu badituzte ere, izenez oso harago doa liburua. «Aspaldi hasi ginen elkarrizketak egiten, eta sukalde zein egongela asko pasa ditugu. Mahai askotan eseri gara, espezie bakoitzaren izena, bitxikeriak eta beste hamaika kontu jakiteko», adierazi zuten. Horregatik, herritarrek espezie horiez esandakoak biltzen ditu, naturarekin erabateko loturan bizi diren herritarrek beraien begiz ikusitakoak edo etxean entzundakoak; besteak beste, bitxikeriak, kondairak, istorioak, eta beste asko. Horregatik, 150 fitxaz gain, aparteko 20 ere baditu, era horretako kontu berezienekin. «Gure helburua zen gizartetik jaso duguna gizartera bueltatzea, eta lortu izana espero dugu», aipatu zuten.

Ostegunean, liburuaren lehe­nengo atala aurkeztu zuten: ornodunena. Saioa amaitzean, ereñotzuar batek galdetu zien ea bigarren zatia noiz kaleratzea aurreikusten zuten. «Hasi gara, dagoeneko, horretan lanean. Ziurtatu dezakeguna da, lehenago ala beranduago, baina aterako dugula», esan zuen Iñakik. «Hori da. Gainera, Iñakiren osabak sekulako lana egin du argazkiekin; eta, alde horretatik, ikusgarria izango da floraren liburua», gehitu zuen Eñautek.

Azkenik, hau guztia posible egiteko, lagundu dieten guztientzako esker hitzak besterik ez dituztela azpimarratu zuten biek. Elkarrizketatuei, Auzo Udalari, maketatzaile lanetan aritu denari, argazkilariei, zuzentzaileei, eta abar. «Mila esker guztiei, benetan, sekulako lana egin duzue!».

Azkeneko aurkezpena gaur izango dute, Doberak antolatuta­ko Hernaniko I. Liburu Azokan. 12:30etan dute horretarako zita, Atsegindegin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!