«Musika jendeari heltzeko bideak ikaragarri ari dira aldatzen, eta bide berriak sortu dira»

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 18a, 00:00
Ruper Ordorikak gaur eskainiko du kontzertua Ereñotzuko frontoian 'Mugalaris' taldearekin batera.

Ruper Ordorikak kontzertua eskainiko du gaur, Ereñotzuko frontoian, 22:00etatik aurrera, bere taldearekin batera «sasoi ezberdinetako errepertorio zabalarekin».

Ruper Ordorika abeslari eta musikari oñatiarrak kontzertua eskainiko du gaur, Ereñotzuko frontoian, 22:00etatik aurrera. Ereñotzuko Olak Auzo Elkarteak antolatzen du  20 disko baino gehiagorekin, Ruper euskal musikaren erreferente eztabaidaezina da. Bere abestietan edertasuna zein gogo-sakontasuna adieraztea lortu izan du beti.

Taldearekin oso errepertorio zabala prestatu du gaurko, Ruper Ordorikak. «Sasoi ezberdinetako kantuak eskainiko ditugu eta baita azken diskoan dauden beste batzuk ere. Oso errepertorio zabala da».

Ruper Ordorika azken urteotako Mugalaris taldearekin arituko da: Arkaitz Miner, Lutxo Neira eta Hasier Oleaga. Bira aurreko urtean hasi zuen eta konfinamendua izan zela eta, pentsamendu ezkorra izan zuen. «Gerora, pentsatu nuen gauzak zetozen moduan onartu beharko nituela; eta horrela jarri ginen lanean. Egia esan, askotxo ibili gara».

Aurtengoa hemezortzigarrena izango da, eta, udan, hilabetero, laurenbat kontzertu eskaini ditu. «Nire ustez, beste giro batean izan da; baina oso eskerturik topatzen dugu publikoa, gogotsu.  Prozedura guztia muga den arren, beste giro bat sortzen du honek guztiak. Guretzako, behintzat, irtenbide haundia izan da;  eta baita taldearentzako eta niretzako ere, publikoarekin harremana galdu ez dugulako. Oso eskertuta gaude; erabaki ona hartu genuen».

Ruper Ordorikaren esperientzian, kontzertuak ez dira asko aldatu pandemia garaian. «Harreman horrek dirau, baina, uste dut, aldaketa ikaragarria izan dela zenbait estilotan. Demagun rock, heavy, dantza-musika, reggae, soul... Musikari asko eta asko etxean daude, zoritxarrez. Nire ustean, gainera, puska bat beharko da lehengora bueltatzeko eta askatasun osoz aritzeko. Nire kasuan, beste harreman bat sortzen da, eta bakarka ere aritzen naiz. Entzule bezala, esan dezaket gozatu al dela eta egiten dela».

Erantzun ona jaso dute Ordorikak eta taldeak, bira guztian. «Oraindik ere,  astero, edukiera mugak aldatzen dira. Normalean, eserlekuak betetzen dira eta antolatzaileek lan extra egin behar izaten dute, denok ere gure eginkizunetan egin behar izan dugun moduan. Baina tokiak betetzen dira, halabeharrez bada ere».

Maite duzun hori abestiaren bideoklipa Hernanin eta hernaniarrekin grabatu zen. Ruper Ordorikak badu, beraz, alde horretatik, nolabaiteko lotura. «Ereñotzun kontzertua eskainiko dudan lehen aldia da. Urteak daramatzat Pello Gorrotxategirekin lanean; beti irriz egoten ginen, ea noiz eman behar genuen kontzertua Ereñotzun. Eta, orain, gauzatu da. Hernanin, aspalditik izan dugu noizean behin aritzeko parada eta zortea. Gu pozik Ereñotzuko emanaldiarekin».

 

«Sortzeko bultzada ez da aldatu, baina teknologiak aldaketa ikaragarriak ekarri ditu, eta hasiera besterik ez da»

Musikaren eta sormenaren bueltan, hausnarketa egin ohi du Oñatikoak. Bere ibilbide oparoak eta orain arte lortutako jakituriak ematen dio inspirazioa. Sortzeko nahian, ez du aldaketarik sumatzen. «Bultzada hori, norbanakoa denak sentitzen duguna, musikarion egin behar hori, sortzeko nahi hori, bere horretan ikusten dut. Hasiberriekin neure burua ispilu baten aurrean ikusten dut askotan. Hor, ez dut uste aldaketa askorik dagoenik».

Hala ere, ingurune guztia zeharo aldatu dela ikusten du Ruperrek eta  «hau ez da aldatuko denaren hasiera baizik, abiapuntua. Teknologiak ikaragarrizko aldaketa dakar etengabe. Ez musika bera, jendeari heltzeko bideak ikaragarri aldatzen ari dira. Joera berriak, gustu eta zaletasun berriak sortzen ditu, egundo ezagutu ez ditugunak. Gero, orokorrean, sormenaren aldetik ere beste tresna bat jartzen dizu. Garai batean mikrofonoa asmatzea izugarrizko aldaketa izan zen bezalaxe, gaur egun pentsatu ere ezin duguna, horrelakoxeak dira aldaketak. Horren adibide dugu gitarra elektrikoa sortu zenean herri musikaren historia nola irauli zen ikustea. Mikrofonoarekin, Luis Mariano arte, kantatzeko behar zen izugarrizko ahotsa jendeak aditzeko. Ezin imajina daiteke Frank Sinatraren tankerakorik mikrofonorik gabe. Aldaketa kualitatiboa da eta ikaragarria etorriko da. Eskura  dauzkagu eta gizakiak nahi ditu. Atxikitzen dugu sormena lantzeko eskura dauzkan tresna guztiak».

 

«Kantu moldeak aldatzen doaz etengabe eta orain dagoenaren atzetik beste bat etorriko da»

Garai berriaz eta aldaketaz hitz egiterakoan, Chill Mafiaren azken abestian Ruper Ordorikaren izena aipatzen da. «Abestia kaleratu baino hilabete lehenago, hots egin eta kantuan nire izena aipatuko zutela esan zidaten».

Estiloez dioenez, «Estatu Batuetan zenbait kantu molde dagoeneko ia iraganeko kontsideratzen dira, Aurrera bidea asko lerratzen da Hip Hopa eta era guztietako, lehen erabat teknologiekin lotuta zeuden sormen bideekin.  Gure dinamikak eguneratzea da eta horren atzetik etorriko da beste bat, zorionez».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!