'Berriketan' egitasmoa berriro martxan jartzeko asmoz, bilera egingo dute etzi adinekoekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 13a, 00:00

Kartetan, denborapasak egiten zein solasean aritzen dira, 'Berriketan' saioetan.

Ereñotzuko Auzo Udaleko aretoan bilduko dira, arratsaldeko 17:00etan; eta 60 urtetik gorako auzotarrei luzatu diete deia, bertaratzeko. Bestalde, gaur zabalduko dute aurrematrikula egiteko epea, aurtengo hiru ikastaroetan.

Berriketan egitasmoa martxan jarri nahi du berriro, Ereñotzuko Auzo Udalak. Eta horretarako, bilera egingo du asteazken honetan, adinekoekin. Arratsaldeko 17:00etan jarri dute hitzordua, Auzo Udaleko aretoan; eta 60 urtetik gorako auzotar guztiei luzatu diete deia, bertaratu eta bileran parte hartzeko.

Horretan, hitz egingo dute Berriketan saioak berrekiteko asmoari buruz, eta horren inguruan dauden iritzi ezberdinak eta proposamen berriak ere jaso nahi dituzte.

Astean behin izan ohi dira Berriketan saioak, arratsaldez; eta horietan, Auzo Udaleko aretoan elkartzen dira adinekoak, solasean aritzeko, kartak edota denborapasak tarteko direla, besteak beste. Merienda ere ez da falta izaten. Covid-19aren pandemiak eraginda, ordea, bertan behera utzi zituzten saioak, eta etenda egon da egitasmoa, iazko martxotik orain arte.

Ikastaroetan aurrematrikula, gaurtik ostiralera

Bestalde, gaur zabalduko dute epea, aurtengo ikastaroetan aurrematrikula egiteko. Ostiralera arte izango da aukera, Auzo Udaleko bulegoan: gaur 17:00etatik 20:00etara, eta bihartik ostira­lera 09:30etatik 14:00etara.

Hiru ikastaro eskainiko dituzte aurten: yoga (astearte eta ostegun, 17:00-18:30); aerobik-fitness (astelehen eta asteazken, 17:30-18:30 eta 18:45-19:45); eta en­trenamendu funtzionala (astear­te eta ostegun, 18:00-19:00).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!