Udarako oporrak amaitzearekin batera, dagoeneko ikasturteko martxa hartuta daude Urumea bailarako herritarrak. Horren haritik, Ereñotzuko Auzo Udalak aurtengo ikastaroen eskaintza aurkeztu du. Denera, hiru kirol jarduera proposatu dituzte: yoga, aerobik-fitness eta entrenamendu funtzionala.
Ikastaro bakoitzak bere ordutegi zehatza izango du; eta izena emateko interesa dutenek, adi egon beharko dute datorren astean, aurrematrikula astelehenean irekiko baita. Hain justu, irailaren 13tik 17ra bitartean, Auzo Udaleko bulegoan egongo da horretarako aukera. Astelehenean, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara bitartean izango da horretarako aukera. Asteartetik ostiralera, berriz, goizeko 09:30etatik 14:00etara zehaztu dute izena emateko ordutegia. Matrikularako data, aldiz, irailaren 20tik 21era bitartean izango dela jakinarazi dute Auzo Udaleko kideek.
Saioak, arratsaldez
Ikastaroak arratsaldetan eskainiko dituzte. Horrekin batera, saio batzuk ordubeteko iraupena izango dute eta beste batzuk, ordu eta erdikoak izango dira.
Yogako klaseak asteartetan eta ostegunetan izango dira, 17:00etatik 18:30etara. Aerobik-fitness, astelehenetan eta asteazkenetan, bi txandatan: lehena, 17:30etatik 18:30etara; eta bigarrena, 18:45etatik 19:45etara. Eta azkenik, entrenamendu funtzionalari dagokionez, asteatetan eta ostegunetan entrenatuko dute auzotarrek, 18:00etatik 19:00etara.
Ikastaro bakoitzak helburu jakin bat du, kirol arloari dagokionez. Hala ere, guztietan gozatuko dute Ereñotzukoek eta izena ematen duten gainerako herritarrek. Informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, Auzo Udalera deituta argitu daitezke zalantzak.