Ia bizitza osoa daramaki kanabera hartuta, Alex Ugalde Ormazabal epeletarrak: «txiki-txikitan hasi nintzen arrantzan, aitarekin; eta pila bat gustatu izan zait beti. Hementxe aritzen nintzen hasieran, Epelerrekan. Eta Urumeara joaten ginenean, bizkarrean hartuta eramaten ninduen aitak, ibaia zeharkatzeko». Etxetik datorkio afizioa, nahiz eta aitak «nahiko utzita» daukan orain: «berari ehiza gustatzen zaio gehiago, baina niri arrantzak asko tira dit hasieratik. Sekulako pazientzia neukan, eta egun osoa eman nezakeen errekan sartuta, bazkaldu gabe eta beste ezer egin gabe. Ez nintzen beste ezerekin gogoratzen», kontatu du.
Gazte hasi zen lehiaketetan parte hartzen ere, baina hori baino gehiago da arrantza, beretzat: «txapelketak ere asko gustatzen zaizkit, eta lehiakortasunak motibatu egiten zaitu. Baina nik arrantza egiten dut gustatzen zaidalako, eta mundu bat dago horren atzean. Arrantzan entrenatzea garrantzitsua da, baina prestaketa bat dago etxean ere, guk egiten ditugulako amuarrainek jaten dituzten intsektuen imitazioak. Ordu pila bat eskaintzen dizkiogu, imitazio horiek hobetzeko, eta lan haundia dago atzean», kontatu du Alex Ugaldek. Izan ere, euli bidezko amuarrain arrantzan aritzen da bera: «imitatzen ditugu errekan dauden intsektuak, hori delako amuarrainek gehien jaten dutena. Izan daitezke harrien azpian daudenak eta korronteak eramaten dituenak; edo ur gainean flotatzen dabiltzanak. Horregatik, arrantzatzen dugu ur azpitik edo ur gainean flotatzen, bi kanabera ezberdinekin. Oso ekipo biguna erabiltzen dugu, eta pita oso oso fina, amuarrainak ahalik eta gehien engainatzeko».
12 urte zituenetik ari da modalitate horretan, eta baita sekulako mailan aritu ere: Euskadiko Txapelketa irabazi berri du. «Joan den urtean azkenera arte egon nintzen irabazteko lehian, baina huts egin nuen bukaeran, eta hirugarren izan nintzen. Baina aurten txanda guztietan aritu naiz onenen artean, eta lortu dut txapela. Oso pozik nago».
16 ordu arrantzan eta beste horrenbeste kontrol lanean, txapela eskuratzeko
Bi asteburutan, lau egunez jokatu da Euskadiko Txapelketa, Leitzaran ibaian, Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko mugaren inguruan: «maiatzean izan zen aurreneko asteburua, eta uztailean bigarrena. Larunbatean zein igandean, bi orduko txanda bat egiten dugu goizean, eta beste bi ordu arratsaldean. Azkenerako, zortzi txanda eta 16 ordu egin ditugu arrantzan, txapelketako lau egunetan». Eta arrantzan bakarrik ez, kontrol lanean ere aritzen dira: beste arrantzale batek harrapatu dituen amuarrainak neurtu, kanaberan edo aparejoan dena ondo daukala begiratu... Txanda bakoitzean, bi ordu arrantza, eta beste bi ordu kontrola: egunero zortzi ordu, ibaian.
Gutxienez 19 zentimetrokoak izan behar dira amuarrainak, eta neurriaren araberakoa da bakoitzaren puntuazioa: «beraz, garrantzitsua da amuarrain asko harrapatzea, baina ahalik eta haundienak izatea ere bai. Noski, horiek gehiago egiten dute tira, eta zailagoak dira harrapatzen...», dio epeletarrak.
Asmo haundirik gabe joan zen aurreneko asteburura, Alex Ugalde: «ez nintzen oso entrenatuta joan, baina aurrean ibili nintzen hasieratik; eta hori ikusita, bigarren astebururako gehiago entrenatu nuen, eta oso ondo atera zitzaidan. Txanda guztietan izan nintzen bost onenen artean, eta puntu guztiak batuta, ni izan nintzen onena».
Aurreneko garaipena du hori, Euskadiko Txapelketan: «gaztetan irabazi izan dut Euskadikoa, baita Espainiako ere, eta Munduko bi txapelketatan aritu naiz, Frantzian eta Irlandan. Baina maila nagusira pasatzen zarenean, sekulako saltoa dago». Datorren urtean, Espainiakoan izango da berriro, Euskadiko 12 ordezkarien artean.
Baina txapelketa ofizialetatik harago, beste asko ere izaten dituzte, urtean zehar: «bi fase izaten dira. Maiatzetik uztailaren bukaerara, hemengo amuarrain basatiekin egiten dugu arrantza, eta garai horretan izaten dira txapelketak hemen. Beste toki batzuetan beranduago bukatzen dute denboraldia, Katalunian, Gaztela Leonen... Eta horietako batzuetara ere joaten gara, irailean. Baina gero, neguan arrautzak jartzen dituzte amuarrainek, eta arrantza debekatu egiten da, arrautzak ez zapaltzeko eta bere zikloa lasai egiten uzteko. Orduan irekitzen da arrantza intentsiboa deitzen zaiona. Piszina moduko batzuetan hazitako amuarrain arkoirisak askatzen dituzte errekan, eta horri esker daukagu aukera urte osoan zehar arrantza egiteko. Laku batzuk ere badaude Espainian zehar, arkoirisekin birpoblatuta. Hori bai, oso desberdina da amuarrain basatiak arrantzatu, edo arkoirisak. Basatiak, ikusten bazaituzte, berehala sartzen dira harrien azpian; baina besteak, piszinan ohituta, ez dira ikaratzen, beste gauza batzuk jaten dituzte...».
Arrantzale ona, erreka guztietan ondo moldatzen dena
Amuarrain motak bezala, asko eragiten du tokiak ere arrantzan: «asko aldatzen da tokiaren eta errekaren arabera. Amuarrainak tamaina ezberdinekoak dira, gauza ezberdinak jaten dituzte, portaera ere ez da berbera... Eta arrantzale onenen artean egoteko, garrantzitsua da toki ezberdinetan arrantza egiten jakitea. Denetan ondo moldatu behar zara, erakusteko arrantzale konpletoa zarela. Horregatik saiatzen gara kanpora joaten», azaldu du.
Kanpora joango da datozen egunetan ere, lagunekin oporretara, baina kanabera etxean utzita. «Deskonektatzera nijoa, eta irailean hartuko dut serio berriro, Asturiaseko eta Gaztela Leongo txapelketa batzuetara joateko», aurreratu du.