Esne Beltza eta AMAK taldeen kontzertu bereziak girotuko du Ereñotzuko frontoia, ostiral honetan

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 20a, 00:00
Esne Beltza eta AMAK taldeetako kideak, taula gainean, Villabonan eskaini zuten kontzertuan. Argazkia: Arri Studioa

Gaueko 22:00etan hasita, emanaldia eskainiko dute bi taldeek, Olak Auzo Elkarteak eta Ereñotzuko Auzo Udalak antolatuta. Sarrerak agortuta daude igandetik. Elkarrekin ari dira udarako bira egiten, Esne Beltza eta AMAK.

Ostiral honetan emango diete segida Ereñotzun, udarako kultur ekitaldiei. Aurreko astean Esku harriak, Oteizaren (h)aria ikuskizunaz gozatu ondoren, musika izango da protagonista oraingoan, kontzertu oso bereziarekin: Esne Beltza eta AMAK taldeak ariko dira, Ereñotzuko frontoian, Olak Auzo Elkarteak eta Ereñotzuko Auzo Udalak antolatuta. Gaueko 22:00etan hasiko da kontzertua.

Emanaldirako sarrerak 10 eu­­roan jarri zituzten eskuraga­rri aurreko astean, auzo etxean eta internet bidez; eta dagoeneko agortuta daude, igandean jakinarazi zutenez.

Aurten, elkarrekin ari dira egiten udarako bira, Esne Beltza talde ere­ñotzuarra, eta AMAK taldea. Izan ere, lotura zuzena daukate bi taldeek: talde banatan ari dira Kris eta Xabi Solano anai-arreba ereñotzuarrak; AMAK taldean Kris eta Esne Beltzan Xabi. Uztailaren 8an eskaini zuten aurreneko emanaldia, Villabonan, eta plaza bete zuten orduan. Ere­ñotzukoa izango du­te bigarrena, eta abuztuaren 27rako daukate aurreikusita hirugarrena, Arantzan.

Bi bideoklipen grabaketa, Arriurdiñetako harrobian

Kontzertuak elkarrekin eskaintzeaz gainera, bi bideoklip ere grabatu dituzte elkarrekin, Esne Beltza eta AMAK taldeek: Sortzen eta Nafar Erreinua abestienak. Ikusgai daude biak, Esne Beltza taldearen YouTubeko kanalean.

Goizuetan grabatu zituzten bi bideoklip horiek, Arriurdiñetako harrobian. Eta grabaketan hartu zuten parte, gainera, Goizuetako suhiltzaile boluntarioek eta beste hainbat herritarrek. Maiatzaren 20ko gauean egin zituzten grabaketak, eta ekainean estreinatu zituzten bi bideoklipak. Ekainaren 21ean ar­gitaratu zuten Sortzen abestiaren bideoklipa, eta 23an Nafar Erreinua kantarena. Ez da kasualitatea, bigarren hori San Joan bezperan argitaratu izana, grabatu ere, su baten bueltan grabatu baitzituzten bi abestien bideoklipak, Arriurdiñetako harrobian.

Bi kanta horiek eta beste hainbat entzuteko aukera izango da ostiralean, Ereñotzun.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!