'Esku Harriak: Oteizaren (h)aria' ikuskizuna eskainiko da bihar Ereñotzuko frontoian

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 14a, 00:00
Dantza ikuskizuna izango da bihar Ereñotzun

MugMus Laborategiaren lan honetan: mugimenduaren, musikaren, eskulturaren, bertsolariaren, hotsen, espazioaren trataeraren, hitzen... bitartez ikusle-entzulea Jorge Oteizaren munduan murgilduko da 22:00etan hasita.

Ereñotzuko frontoian bihar, 22:00etatik aurrera, Esku Harriak: Oteizaren (h)aria ikuskizuna eskainiko da. MugMus Laborategiaren lan honetan: mugimenduaren (dantza), musikaren, eskulturaren, bertsolariaren, hotsen, espazioaren trataeraren, hitzen… harilkatze fin baten bitartez, ikusle-entzulea Jorge Oteiza artista polifazetikoak bere ibilbide aberatsean jorratutako iruditeri anitzaren berrirakurketa propio batean murgilaraziko da.

Horrela, aipatutako elementu guztien elkargune metaforikoaren bitartez ondoko gai hauek jorratuko ditu: mairu-baratzeak, hutsa, espazioaren erabilera sakon eta moldagarria, nagikeria, eskultura Laboratorio de Tizas bilduma, musika seriala eta zehatza, bertsolaria, txalaparta, Ez Dok Hamairu, hitza, haurra... Oteizaren unibertso zabala eta partikularra eraikitzeko.

Aforoa mugatua izango da eta horregatik izenemateko 688 780 356 telefonora deitu behar da edo idatzi telefono horretara WhatsApp bidez. Olak auzo elkarteak antolatu du ikuskizuna, Auzo Udalarekin batera.

 

Esne Beltza+Amak-en kontzertua  uztailaren 23an

Bestalde, uztailaren 23 ostiralean, Esne Beltzak+Amak taldeen arteko kolaborazioaren kontzertua izango da Ereñotzuko frontoian. Kasu honetan sarrerak 10 euro balio ditu, eta gaurtik aurrera daude sarrerak salgai Auzo Udalean eta online egongo dira eskuragarri Bibe.me webgunean.

Esne Beltza eta Amak taldekoak dira Xabi eta Kristiñe Solano anai-arreba ereñotzuarrak. Duela hiru aste bi taldeek plazaratu dituzte Sortzen eta  Nafar Erreinua abestiak elkarrekin eta Ereñotzun entzungo dira beste hainbat abestirekin batera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!