Plaza eta inguruko aparkalekuak antolatu egingo ditu Auzo Udalak

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 26a, 00:00

Horrela azaldu izan da plaza hainbatetan, azkeneko urteotan.

Horrekin batera, erregulatu egingo du trafikoaren norabidea, Alkatxuinera dijoazen bi landa bideetan.

Trafikoan aldaketak izango dira Ereñotzun, aurrerantzean. Hala erabaki du Auzo Udalak, ekainaren 14ko batzarrean: plazako eta inguruko aparkalekuak antolatu, eta Alkatxuinera dijoazen bi landa bideetako trafikoaren norabidea erregulatuko du.

Erabaki hori hartzera bultzatu du Auzo Udala, elizaren ondoko plaza txikian aparkatzen duen kotxe kopuruaren bilaka­erak: «duela 15 urte hasi zen aukera ematen, bertan aparkatzeko. Hasieran kotxe bakan batzuek soilik aparkatzen zuten bertan, eta ez zen arazo berezirik izaten ibilgailu eta oinezkoen artean. Plazaren alde batean bakarrik aparkatzen zen. Baina duela bost urtetik, nabarmen egin du gora bertan aparkatzen duten kotxeen kopuruak, eta edozein lekutan egiten dute gainera, arrisku egoerak eraginez eta oinezko pasabideak oztopatuz».

Horren aurrean, hainbat aukera aztertu ditu Auzo Udalak, baita plaza ibilgailuentzat ixteko aukera ere. Baina «aukera bat» eman nahi dio kotxeen eta oinezkoen arteko elkarbizitzari. Horregatik, plazaren alde batean bost aparkaleku egokituko dira, eta beste aldea oinezkoentzat bakarrik izango da. Pintura bidez markatuko dira aparkalekuak, piktogramekin oinezkoen gunea, eta bi eremuak bereizteko marra bat margotuko da.
Bi-hiru hilabetetan probatuko dute, eta balorazio bat egingo dute gero. «Erabilera okerra emango balitz, ez dugu baztertzen neurri zorrotzagoak hartzea». Udaltzaingoaren lankidetza ere izango du Auzo Udalak, «auzotarrak nahiz bisitariak antolaketa berrira ohitzeko».

Aldapan, lau-bost aparkaleku

Baina plazan ez ezik, ondoko errepidean (aldapan) ere egingo da antolaketa. Bertan, espaloi gainean aparkatzea debekatuko da lurreko seinalizazioarekin, eta era berean, errepidearen beste aldean, lau-bost ibilgailu aparkatzeko eremua egokituko da, lurrean margotuta. «Horrela, bi helburu lortuko ditugu. Batetik, espaloia oinezkoentzako libre izatea; eta bestetik, errepidea errei batera estututa, kotxeen abiadura murriztea, inguruko zebrabideetan suertatu ohi diren arrisku egoerak murriztuz». Izan ere, antolaketaren helburu nagusia da oinezkoak, «txikienak zein helduenak bereziki, ahulenak direnak», babestea. Estutuko den errepide zati horretan, behetik gora doanak izango du lehentasuna.

Haur parkearen gaineko bidean ere egingo dituzte markaketak: bidegurutzetik hasita, marra horiz debekatuko dute ibilgailuak aparkatzea, Stop seinalea tapatzea saihesteko eta bidegurutze horretako maniobrak ez oztopatzeko. Parkearen ondoko errepidean bertan, motoak aparkatzeko gune bat ere prestatuko dute, aurreneko etxe blokearen atariaren ondoan, eta kotxeak aparkatzeko beste hiru gune ere egokituko dituzte, guztira 9-10 ibilgailurentzat. Eremu horietatik kanpo aparkatzea ekidin nahi dute horrela: «kontziente gara egun seinalatuetan horietatik kanpo ere aparkatuko dela, eta onartu liteke; baina egunerokoan hori saihestu nahi dugu, inguruko auzotarren hobebeharrez, bertan ibiltzen diren oinezko zein bizikleten segurtasunagatik, eta bertatik kotxez pasatzen diren auzotarren joan-eto­rriak ez oztopatzeko».

Alkatxuinerako bi bideak, norabide bakarrekoak

Ereñotzutik Alkatxuinera doazen bi bideetan ere egingo dute aldaketarik: norabide bakarrekoak izango dira, bat igotzeko eta bestea jaisteko. Horrela, Katilluxartik barrena doana jaisteko izango da, eta ezingo da bertatik igo, bertako bizilagunek eta baimenduek izan ezik. Eta aldiz, igotzeko erabiliko da Latxebistako bidea bezala ezaguna dena, eta ezingo da bertatik jaitsi.

«Katilluxarko bideak malda haundia dauka bukaeran, eta behin baino gehiagotan geratu dira ibilgailuak ezinean; tartean, ibilgailu astunak ere bai, horrek sortzen dituen eragozpenekin. Azkenaldian, gainera, trafikoa ugaritu egin da, eta neurri honekin, saihestu nahi dugu ibilgailuak gurutzatzea», diote. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!