Dantzak, jolasak, bertsoak, txistulariak... Gora San Antonioak!

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 15a, 00:00
Jolasak egin zituzten, ostiral arratsaldean, frontoian elkartuta.

Aurtengo jaiak ez ohiko moduan ospatu badira ere, jarduera ugari izan dituzte ereñotzuarrek. Barre-algaren artean, ederki pasa dute auzotarrek.

Egungo osasun egoera dela eta, aurten ez dira ohiko moduan ospatu San Antonioak, Ereñotzun. Hala ere, Olak Auzo Elkarteak plangintza polita prestatu zuen, ereñotzuarrek asteburuan ahalik eta gehien gozatzeko. Hasteko, ostiralean, haurrentzako jolasak izan ziren. Umez bete zen frontoia, eta adinka sailkatu ziren, taldeak osatzeko. Arratsalde ederra izan zuten, lokotxen eta lasterketen artean.


Erakustaldi bikaina eman zuten, 'funky' estiloan, ereñotzuar gazteek.


Funky'arekin ausartu ziren, igande arratsaldean.

Horrez gain, egun potoloa igandekoa izan zen. Dianak eman zion hasiera San Antonio eguneko egitarauari, goizeko 08:30etan. Aurtengoan ere, txistulariak ez ezik, bertsolariak ere izan ziren auzoan barrena. Olazarren hasi zuten ibilbidea, eta bailara osora aritu ziren egunari doinua jartzen. 12:00ak aldera amaitu zuten, euskal eta funky dantzen emanaldiari hasiera emateko, hain justu. Bikain aritu ziren ereñotzuar gaztetxoak, senide eta lagun guztiak begira zituztela. Txalo zaparrada jaso zuten dantzariek, dantza bakoitza amaitzean.


Irrifartsu aritu ziren dantzan, ereñotzuar gaztetxoak.

Eta, azkenik, San Antonio egunari amaiera emateko, bertso jaialdia izan zen frontoian. Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran, Onintza Enbeita eta Unai Agirre aritu ziren bertsotan, eta Arnaitz Lasartek jarri zituen gaiak.


Bertso jaialdia, igande arratsaldean.

Datorren urtean, betiko San Antonioak izatea espero dute, baina aurtengoak, behintzat, ez du inor epel utzi! 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!