San Antonio egun 'klasikoa' modernizatuko dute bihar, funkyaren erritmora, auzoko gaztetxoek

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 12a, 00:00
Urtero bezala, euskal dantzen emanaldia eskainiko dute auzoko haur eta gaztetxoek, bihar eguerdian.

Ez dituzte ohi bezala ospatuko Ereñotzuko festak, aurten ere; baina ezin geratuko ziren San Antonio egunaz ondo gozatu gabe bihar, igandea tokatuta: txistulari eta bertsolarien diana, auzoko haur eta gaztetxoen dantza emanaldi berezia eta bertso saioa izango dira.

Inor harritzeko arriskurik gabe ekarri daiteke paperera berriro, urtebete berandua­go, Asier Azpi­rozek iazko San Antonio egune­an jarri zuen bertsoa:

 

Egun haundia degu gaurkoa

eta gu gatoz propio,

etxeetako usainari 're

soinu goxua dario.

Egoera da espeziala

hara ze erremedio!

San Antonio raroa baina

halare San Antonio.

 

Urtebete igaro da txistulari eta bertsolariek egindako diana hartatik, Olazarren hasi eta auzo osoan barrena alaitasuna zabaltzen aritu zirenetik; eta hitzez hitz errepikatu daitezke bertso horretan esandakoak, oso an­tzeko egoeran ospatuko baitute hain egun berezia, aurten ere, ereñotzuarrek.

«Auzoko gazte batzuek eskaini zuten bere burua, haurrei funky dantzatzen erakusteko; eta ikasi dutena erakutsiko digute bihar, euskal dantzekin batera»

 

Berezia da egoera, eta arraroa izango da San Antonio eguna, pandemiak hala behartuta, ez baita izango lau-bost eguneko festarik, ez txupinazorik eta ezta jai giroan elkartu eta nahi bezala ospatzeko aukerarik. Bai­na espezialtasun horretan ere, egunari indarra eman nahi izan dio Olak Auzo Elkarteak, eta egun osorako plana osatu du: «joan den urtean ere antolatu genuen diana, San Antonio egunez; eta aurten, igandea izanda, argi geneukan zer edo zer egin behar genuela, ospatzeko», azaldu du Amaia Otxotorenak, Olak Auzo Elkarteko lehendakariak.

Hori horrela, berezia izango da aurtengo diana ere: «horrekin emango diogu hasiera egunari. Aspalditik izan dugu diana San Antonio egunean, baina joan den urtean, garrantzia haundiagoa eman nahi izan genion, eta txistulariekin ez ezik, bertsolariekin ere egin genuen». Asier Azpiroz bera eta Unai Agirre aritu ziren orduan, auzotarrak animatzen. Hala esan zien Agirrek, bertsoetako batean:

 

Etxerik etxe muitu nahi degu

zuen umorean bila,

auzoan festak dituzue ta

pixka bat nota dadila.

 

Aurten, beste ahots batzuk entzungo dituzte bertsotan: Agin Laburu astigartarrak eta auzoko bertsolariek gehituko diete umorea, txistu doinuei. Olazarren hasiko dute bidea txistulari eta bertsolariek, eta bailara osoan barrena egingo dute kalejira, goizean zehar.

 

Euskal dantzak eta funkya, auzoko haur eta gaztetxoen emanaldian

Bertsolariak izan ziren iazko no­bedadea, urteroko diana horretan; eta beste emanaldi klasiko batek ere izango du berrikuntzarik aurten: euskal dantzen emanaldiak. Hori ere eskainiko dute bihar, eguerdiko 12:00etan hasita Ereñotzuko frontoian, au­zoko haur eta gaztetxoek.

Baina euskal dantzak ez ezik, funkya ere eskainiko dute oraingoan: «ikasturtean zehar ikasitako euskal dantzak erakusten dituzte bertan gaztetxoek; baina aurten, funky ikastaroa ere izan dute. Auzoko gazte batzuek eskaini zuten bere burua, haurrei funkya dantzatzen erakusteko; eta apirilaren bukaeratik aritu dira horretan. Eta ikastaroan ikasi dutena ere erakutsiko digute bihar, euskal dantzekin batera», nabarmendu du Amaia Otxotorenak.

Eta eguna borobiltzeko, San Antonioetan falta ez den saioa prestatu dute arratsalderako: bertso jaialdia izango da frontoian, 18:30etan hasita. Urtero be­zala, puntako bertsolariak igo­ko dira taula gainera, aurten­goan ere: Maialen Lujanbio eta Unai Agirre hernaniarrak, Oihana Iguaran eta Onintza Enbeitarekin batera. Doakoa izango da bertso saioa, eta ez da sarrerarik hartu beharko; baina mugatua izango da aforoa. Beraz, frontoiko aforoa bete arte sartu ahal izango da jendea, emanaldiaz gozatzera.

 

Balkoiak apaintzeko deia auzotarrei, aurten ere

Txistu doinu, bertso eta dantzen bitartez zabalduko dute alaitasuna auzoan, San Antonio egunez. Eta kolorearen bitartez ere nahi diote bizitasuna eman: balkoiak apainduta. «Orain arte ez genituen etxeetako balkoiak apaintzen San Antonio jaietan; eta joan den urtean, hori egitera animatu genituen auzotarrak. Eta hala egin zuten askok. Beraz, ea aurten ere animatzen di­ren, auzoari kolorea eta alaitasuna emateko».

Alaitasun hori, atzo hasi ziren zabaltzen, dagoeneko. Izan ere, Katiluzar Guraso Elkarteak antolatuta, haurrentzako jolasak izan ziren arratsaldean.

«Joan den urtean, hain urte arraroan, ekintza dexente izan genituen Ereñotzun, eta horrek laguntzen du auzoa bizirik mantentzen. Eta erakutsi digu, jendeak gogoa daukala horretarako»

 

 

Urte osoan zehar ekintzak, auzoari bizitasuna emateko

Egoerak indartu zuen haien asmoa gero, baina pandemia hasi aurretik ere, erabakita zeukan Olak Auzo Elkarteak: «nahi genituen kultur ekintzak urte oso­an zehar antolatu, eta ez zentratzea bakarrik festetan edo udazkenean. Lehen, antolatzen genituen San Antonioak eta Udaz­ken Kulturala». Ekintzak bi data horietan pilatu beharrean, sakabanatu eta auzoari urte osoan zehar bizitasuna ematea zuten asmoa, eta primerakoa izan zen emaitza: «hain urte arraroan, ekintza dexente izan genituen Ereñotzun, eta horrek laguntzen du auzoa bizirik mantentzen. Eta erakutsi digu jendeak gogoa daukala; gerturatu egin ziren, antolatutako emanaldietara. Be­raz, hori ikusita, asmo berarekin ari gara lanean aurten ere».

Aforoa kontrolatuta eta eserita ikustekoak izan ziren emanaldi horiek, eta halakoak izango dira aurtengoak ere: «ahal genuen neurrian, antolatu nahi genituen ekintzak; eta eserita eta kontrolatuta behar bazuen, hala egingo genuen, hori garbi geneukan. Ezin dugu betiko ereduan pentsatu, baina badago aukera gauzak egiteko. Joan den urtean, posible izan zenean antolatu genituen horrelakoak, eta azkenerako, ekintza dexente izan ziren auzoan».

 

Uztailerako eta irailerako, ekintzak prestatzen

Horrela, San Antonio eguna ospatu ondoren, laster izango dute hurrengo gozagarria, auzokoek: uztailerako ekintza sorta ari dira prestatzen, eta irailean ere izango dira gehiago. Horietarako, sarrera eskuratu beharko da aldez aurretik.

«Aurrerago emango dugu emanaldi horien berri, oraindik ezin dugu ezer aurreratu. Baina izango dira ikuskizunak, musika emanaldiak...», jakinarazi du Amaia Otxotorenak.

Udarako eta udaosteko kontuak izango dira horiek, baina aurrera begira jarri gabe, badute zer gozatua bihar, Ereñotzun. Arraroa izanagatik ere, San Antonio egunak ez duelako izena galduko, ezta izana ere; eta segiko duelako berezia izaten, auzokoen artean.

«Joan den urteko San Antonio egunean, etxeko balkoiak apaintzera animatu ziren auzotar asko. Ea aurten ere hala egiten duten, auzoari kolorea eta alaitasuna emateko»

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!