Lander Garroren 'Bi urte, lau hilabete eta egun bat' dokumentala ikusgai Ereñotzun

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 21a, 00:00

Lander Garroren lana da eskainiko den dokumentala.

Gaur 19:00etan hasiko da Auzo Udaleko aretoan eta ondoren solasaldia egingo da Xabier Huitzi intsumiso ereñotzuarra eta Kontxita Beitiarekin.

Olak Auzo Elkarteak antolatutako dokumental zikloaren barruan  Lander Garroren Bi urte, lau hilabete eta egun bat dokumentala proiektatuko dute gaur, 19:00etan, Auzo Udaleko aretoan. Intsumisoen borroka jasotzen da ikus-entzunezkoan; batez ere, Nafarroatik abiatuta, baina Euskal Herri osoko ikuspegiarekin. Derrigorrezko soldaduskaren aurka borrokatu zuten 6 lagunen istorioa kontatzen du. Hain justu, filma irudi batetik abiatzen da: preso bat, Iruñeko kartzela utzi eta hainbat urte geroago, bere ziegara itzultzen da. Egun horretan, kartzela betiko eraitsia izango da. Pozik behar luke, baina presoa, ziegan dagoela, negarrez hasi da. Ziega hartan eman zituen presoak, intsumitu izateagatik, bere bizitzako 2 urte eta 4 hilabete. Hitz gutxitan esateko, intsumisoa gogoratu eta ospatzen duen dokumentala da. 


Dokumentala ikusi eta gero, solasaldia izango da. Xabier Huitzi Ereñotzuko intsumisoa izango da bertan. «Hernanin, borroka horretan lan haundia egindakoa da Huitzi», azaldu dute arduradunek. Huitzi ez da dokumentalean ageri, baina parte hartzera gonbidatu dute, «bertako borroka bera jarraitu zuelako».


  Horrez gain, datorren ostiraleko saioan ere, Kontxita Beitia izango da solasaldian. Beitia dokumentaleko partaide da, eta, gainera, bere semea eta intsumisoak babesteko elkarte bat sortu zuen Donostian, beste hainbat gurasorekin batera. 


Bigarren saioa maiatzaren 27an izango da, hileko azkeneko ostegunean. Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa dokumentala proiektatuko dute. Bertha Gaztelumendi zinema zuzendariaren lana da, eta 80garren hamarkadako mugimendu antinuklearrean eta Gladys del Estal Ferreñoren gertakarietan oinarritzen da. Gladys Tuterara joan zen, baina ez zen itzuli. Manifestazio baketsu hartan, Guardia Zibil baten tiroak hil zuen. Hori horrela, film horrek, Gladysen gertakariaren harira, garaiko gizartearen onespena lortu zuen mugimendu sozialaren erretratu bat egin nahi du.


Ondorengo solasaldian, dokumentalaren egileak izango dira: besteak beste, Sabino Ormazabal gidoilari hernaniarra. Sera Rodriguez arituko da moderatzaile lanetan, eta pelikulako gaiaren gainean gogoeta egiteko eta hausnartzeko aukera izango dute ereñotzuarrek.
Aforoa mugatua denez, izena eman behar da: 688 780 356 telefono zenbakira deituta edo mezua bidalita

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!