Eli Pagola ereñotzuarrak jantzi zuen txapela igandean, Irurtzungo Aixita sariketaren aurreneko edizioan

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 18a, 00:00

Eli Pagola ereñotzuarra, txapela jantzita, Aixita sariketaren bukaeran. Argazkia: 'bertsoa.eus'

Imanol Uria algortarrarekin aritu zen buruz burukoan, eta Pagolak bildu zituen puntu gehien, jendez betetako kultur etxean. Jaialdi bakarrean jokatu da aurten, iaz bertan behera geratu ondoren, pandemiak hala behartuta.

Bertso gosez dira bertsozaleak, eta bertsozale gosez, era berean, bertsolariak. Hala erakutsi zuten igandean, Irurtzungo kultur etxea bete zuten herritarrek, eta baita Euskal Herriko punta ezberdinetatik gerturatu ziren sei bertsolariek ere. Gogotsu hartu zituzten entzundako bertsoak, aulkietan eseritakoek; eta pozik jaso txalo, barre eta irriparrak, oholtza gainekoek, haien bertsoen erantzun gisa.

Aixita sariketaren aurreneko edizioa jokatu zen bertan, Irurtzungo kultur etxean; eta giro goxo horretan, sari potoloagorik ere jaso zuen Eli Pagola ereñotzuarrak: berak jantzi zuen txapela, sariketaren estreinako edizio honetan.

Berarekin batera, honakoak aritu ziren bertsotan, oholtza gainean: Maddi Ane Txoperena hendaiarra, Imanol Uria algortarra, Saioa Alkaiza iruindarra, Iker Gorosterrazu iturendarra eta Xabi Igoa aramaioarra. Zigor Gartzia Zian aritu zen gai-jartzaile lanetan. Hainbat ariketa osatu behar izan zituzten bertsolariek, mota guztietakoak; eta puntuen zenbaketa eginda, bi igaro ziren buruz burukora: Eli Pagola bera, eta Imanol Uria. Eta ereñotzuarra izan zen, azkenean, puntu gehien pilatu zituena, txapela janzteko.

Irurtzungo Pikuxar Euskal Txokoak antolatu du sariketa. Joan den urtean jokatzekoa zen berez, baina pandemia tarteko, bertan behera geratu zen, eta aurten jokatu da aurreneko edizioa. Jaialdi estiloan egin behar izan dute, gainera.

Nafarroan horrelako sariketarik ez zegoela eta Pikuxarreko bertsozale batzuen ideia izan zen Aixita sariketa sortzea. Irurtzun eta Etxeberri inguruan zegoen gaztelu baten izena da Aixita, eta berreskuratze lanetan ari dira gaur egun, bertan. Partehartzaileei dagokienez, asmoa da Nafarroako bi bertsolari izatea urtero, eta gainerakoak, berriz, lurralde bakoitzetik bana ekartzea. Hala izan da aurten: lapurtar, bizkaitar, gipuzkoar eta arabar bana aritu dira, bi nafarrekin batera.

Sariketaren formatuari dagokionez, bestelakoa zen hasierako asmoa: arratsaldean kanporaketa, ondoren triki-bertso poteoa, afaria, eta afalostean buruz burukoa. Baina horretarako aukerarik ez, eta segidan jokatu dute sariketa osoa, aurtengoan. Edonola ere, 2022an espero dute aurreikusi bezala egin ahal izatea, jaiegun oso bat antolatuta bertsoaren inguruan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!