Dokumental zikloa, datorren astetik

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 15a, 00:00
Kotxita Beitia lehenengo sosaldiko partaide izango da, maiatzaren 21ean.

Olak Auzo Elkarteak dokumental zikloa antolatu du datozen asteetarako. Hilaren 21ean eta 27an izango dira saioak, eta ikus-entzunezkoez gain, solasaldiak ere izango dira. 

Olak Auzo Elkarteak dokumental zikloa antolatu du datozen asteetarako. Zehazki, bi egunetan izango dute ereñotzuarrek, dokumentala ikusteko eta gaiaz hausnartzeko aukera. Auzo Udaleko aretoan izango dira bi saioak, 19:00etan, eta herritarrei bertaratzeko deia luzatu diete. Gainera, aforoa mugatua denez, izena eman behar da: 688 780 356 telefono zenbakira deituta edo mezua bidalita.

 

Dokumentala eta solasaldia
Antolatutako bi saioetan, lehenik dokumentala ikusiko da; eta, ondoren, solasaldia izango da. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Euskal Herrian duela hamarkada batzuk izandako borroka sozialei buruz hausnartuko da, «gaur eguneko gaiekin loturak egiteko asmoz». 
Lehenengo saioan, maiatzaren 21ean, Lander Garroren Bi egun, lau hilabete eta egun bat dokumentala proiektatuko dute. Intsumisoen borroka jasotzen da ikus-entzunezkoan; batez ere, Nafarroatik abiatuta, baina Euskal Herri osoko ikuspegiarekin. Derrigorrezko soldaduskaren aurka borrokatu zuten 6 lagunen istorioa kontatzen du. Hain justu, filma irudi batetik abiatzen da: preso bat, Iruñeko kartzela utzi eta hainbat urte geroago, bere ziegara itzultzen da. Egun horretan, kartzela betiko eraitsia izango da. Pozik behar luke, baina presoa, ziegan dagoela, negarrez hasi da. Ziega hartan eman zituen presoak, intsumitu izateagatik, bere bizitzako 2 urte eta 4 hilabete. Hitz gutxitan esateko, intsumisoa gogoratu eta ospatzen duen dokumentala da.

Dokumentala ikusi eta gero, aurretik aipatu moduan, solasaldia izango da. Xabier Huitzi Ereñotzuko intsumisoa izango da bertan. «Hernanin, borroka horretan lan haundia egindakoa da Huitzi», azaldu dute arduradunek. Huitzi ez da dokumentalean ageri, baina parte hartzera gonbidatu dute, «bertako borroka bera jarraitu zuelako».

Horrez gain, datorren ostiraleko saioan ere, Kontxita Beitia izango da solasaldian. Beitia dokumentaleko partaide da, eta, gainera, bere semea eta intsumisoak babesteko elkarte bat sortu zuen Donostian, beste hainbat gurasorekin batera.

Bestalde, bigarren saioa maiatzaren 27an izango da, hileko azkeneko ostegunean. Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa dokumentala proiektatuko dute. Bertha Gaztelumendi zinema zuzendariaren lana da, eta 80garren hamarkadako mugimendu antinuklearrean eta Gladys del Estal Ferreñoren gertakarietan oinarritzen da. Gladys Tuterara joan zen, baina ez zen itzuli. Manifestazio baketsu hartan, Guardia Zibil baten tiroak hil zuen. Hori horrela, film horrek, Gladysen gertakariaren harira, garaiko gizartearen onespena lortu zuen mugimendu sozialaren erretratu bat egin nahi du.

Horren bueltan, proiekzioaren ostean, solasaldia izango da. Bertan, dokumentalaren egileak izango dira: besteak beste, Sabino Ormazabal gidoilari hernaniarra. Sera Rodriguez arituko da moderatzaile lanetan, eta pelikulako gaiaren gainean gogoeta egiteko eta hausnartzeko aukera izango dute ereñotzuarrek.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!