Urumea ibaiko aisialdi guneen inguruko azterketa-bilera irekia, ostegunean Ereñotzun

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 22a, 00:00
Urumea ibaiaren bazterrean jende asko pilatzen da.

Urumea bailaran zehar, Hernaniko udalerrian, aisialdi guneen erabileraren inguruan sortutako kezken harira pausoak ematen jarraitzeko helburua du eta ostegunean Ereñotzuko Auzo Etxean egingo da bilera, 18:00etan hasita.

Urumea bailaran zehar, Hernaniko udalerrian, aisialdi guneen erabileraren inguruan sortutako kezken harira pausoak ematen jarraitzeko helburuarekin, azterketa bat abian jarri du Hernaniko Udalak. Azterketaren helburua aisialdi jarduerek sortutako egoeraren diagnostikoa egitea izango da eta bertatik eratorriko den ekintza plan bat diseinatzea.

Lan honetarako herritarren zein gaian interesa eduki dezaketen elkarteen partehartzea ezinbestekoa ikusten da eta datorren martxoaren 25ean ostegunean Ereñotzun, Auzo Etxean 18:00etan, burutuko den bilkuran parte hartzera dei egin du Udalak.

Azken urteetan, udara hurbiltzean, batez ere, eremu honetan ematen diren jende pilaketak, hondakinen sorrera, trafiko intentsitatearen areagotzea eta bestelako gertakariek natur ondarearen babeserako neurriak eta kudeaketa eraginkor bat gauzatzeko beharra azaleratu dute.  

Aurretik izena eman behar da

Osasun eta segurtasun neurriak direla eta, aurretik izenematea ezinbestekoa izango da. Izenemate hori, Hernaniko Udaleko webgunean edota Ereñotzuko Auzo Udalean egin behar da: astelehenetan goizez 09:30etatik 13:00etara, arratsaldez 18:00etatik 20:00etara eta asteartetik ostiralera goizean 09:30etatik 14:00etara.


«Ekintza plana zehaztuko da baina kezkatuta gaude eguraldi ona berehala hasiko delako»

Unai Erroitzenea Ereñotzuko Auzo Udaleko alkateak azaldu duenez, ingurumenari dagozkion gaiekin dago kezkatuta Auzo Udala. 

Urteroko arazoa da, Urumea ibaiaren bazterrean pilatzen den zikinkeria, udara partean bisitariak ugaritzearekin batera: «egoera hori irauli nahi dugu. Hernaniko Udalarekin eta Aldundiarekin egin genuen agerraldi bat aurreko urtean, eta orain, Hernaniko Udala diagnostiko bat ari da egiten, enpresa baten bitartez. Ekintza plan bat ere zehaztuko dute, eta badakigu inbertsio bat eskatuko duela, behar diren egokitzapenetarako. Baina horren zain gaude, eta pixka bat kezkatuta ere bai. Ekaina laster iritsiko da, eguraldi ona hasiko da, eta egungo egoeran, jendea etortzen hasiko da».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!