Herri kirolak

Aurrera egin du 'Paolla'k, 'Basozabal'ekin, Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 12a, 00:00
'Basozabal' eta 'Paolla', 2019ko Astigarragako Santioetan, Txomiñene frontoian.

Ribabellosan jokatu zen igandean, Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren bigarren jardunaldia; eta Suharri Rodriguez 'Paolla' ereñotzuarra eta Jokin Urretabizkaia 'Basozabal' donostiarra izan ziren azkarrenak.

Sasoi ederrean dabil Suharri Rodriguez Paolla aizkolari ereñotzuarra. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketari ekin zion igandean, Arabako Ribabellosa herrian; eta garaipena lortu zuen, Jokin Urretabizkaia Basozabal donostiarrarekin bikotea osatuta. Horrela, txapelketaren hurrengo fasera sailkatu dira.
Hiru bikoteren artekoa izan zen igandeko lehia, Ribabellosako kiroldegian. Paollak eta Basozabalek, aurrez aurre izan zituzten Luis Polanco eta Julen Olano, batetik; eta Ibai Soroa eta Jon Telletxea, bestetik. Txomin Amun­darainen ordez aritu zen Telletxea, lesionatuta dagoela eta.
16:37 denborarekin nagusitu ziren Paolla eta Basozabal, ia minutu bateko tartearekin: 17:34 behar izan zuten Soroak eta Telletxeak. Atzerago izan ziren Polanco eta Olano, 20:35 eginda.

Lau proba desberdin izan zituzten. Aurrena, 45 ontzako enborra moztu behar izan zuten, ahalik eta kolpe gutxienetan; eta 52 behar izan zituzten beraiek, Soroak eta Telletxeak baino 12 gutxiago; 1:19 egin zuten Polancok eta Olanok. 45 ontzako beste enbor bat moztu zuten ondoren, erlojuaren kontra, eta azkarrenak izan ziren berriro, Paolla eta Basozabal: 54 segundu. Minutua behar izan zuten Polancok eta Olanok, eta 1:03 Soroak eta Telletxeak. Eta nagusi izan ziren hirugarrenean ere, 65 ontzakoarekin, abiadura proban: 2:23 egin zuten Paollak eta Basozabalek, 2:53 Soroak eta Telletxeak, eta 3:01 Polancok eta Olanok.

Hori horrela, ia minutu bateko aldearekin iritsi ziren azkeneko probara, 60 ontzako sei enbor mozteko. Eta tartea murriztu nahian, azkar ekin zioten Soroak eta Telletxeak, baina indarrak hobeto neurtuta, buelta eman zioten Paollak eta Basozabalek, eta hori ere irabazi zuten azkenean: 12:28 denbora egin zuten, Soroak eta Telletxeak 12:34, eta Polancok eta Olanok 15:15.

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren bigarren jardunaldia zen igandekoa, eta aurrenekoan, beste hiru bikote aritu ziren lehian, Eskuernagan: Oier eta Xuban Kañamares nagusitu ziren orduan, Juanjo Azpilikueta eta Iban Resano izan ziren bigarren, eta Hodei Ezpeleta eta Goizeder Belza hirugarren.
2020 urtea bukatzeko, Aizkolari Gazteen Binakako Txapelketa irabazi zuten Paollak eta Basozabalek, abenduaren 31n Asteasun, Axel Larrañaga hernaniarraren eta Ibai Soroaren aurretik. Eta urte berriari ere, ederki ekin diote. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!