Eukaliptoaren eraginari buruz hitzaldia, ostegun honetan

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 11a, 00:00

Iñaki Sanz-Azkue eta Arturo Elosegi, Biterin eskaini zuten hitzaldian.

Iñaki Sanz-Azkuek eta Arturo Elosegik eskainiko dute, eta izena eman behar da.

Abenduan Hernanin egin bezala, Ereñotzun emango dute hitzaldia ostegun honetan, Iñaki Sanz-Azkuek eta Arturo Elosegik: eukaliptoak ingurumenean duen eraginari buruz ariko dira, Urumea bailara erdigune hartuta. Auzo Udaleko areto nagusian edo frontoian izango da, izenemate kopuruaren arabera.

Izan ere, bertaratu nahi dutenek aldez aurretik apuntatu beharko dute, Ereñotzuko Auzo Udalean: 943 55 10 00 telefonora deituta, edota ereinotzu@ereinotzu.eus helbidera idatzita.

Auzo Udalak berak antolatuta, eukaliptoak bailarako ingurumenean dituen kalteei buruz ariko dira Sanz-Azkue hernaniarra eta Elosegi. Euskal Herriko Unibertsitateko fakultateko Landare-Biologia eta Ekologia katedraduna da Arturo Elosegi, eta eukaliptoaren eraginaren ikuspegi orokorragoa eskainiko du: zein ezaugarri kaltegarri dituen eukaliptoak, zer nolako kalteak eragiten dituen inguru horietako faunan eta floran...

Iñaki Sanz-Azkue Aranzadi Zientzia Elkarteko biologoak, berriz, ikuspegi hori bailarako egungo egoerara gerturatuko du; eta aditzera emango du, zein eremutan ari diren ematen eukalipto landaketak, zergatik diren bereziki kaltegarriak bertan, zein landare eta animalia espezietan eragiten duen gehien, zein izan den eukalipto landaketen bilakaera Urumea bailaran...

Hitzaldi hori bera, abenduaren 1ean eskaini zuten Biterin, eta hitzaldiaren bideoak 1.538 ikustaldi izan ditu Hernaniko Udalaren YouTubeko kanalean. Osorik dago ikusgai bertan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!