Sarrera guztiak egun bakarrean agortuta, Huntzaren kontzerturako

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 13a, 00:00

Abenduaren 30ean joko du Ereñotzun, eta ostiralean bertan saldu ziren 130 sarrerak, Ereñotzuko Auzo Udalean eta Biterin.

Urumea bailaran izango da berriro Huntza taldea, Ereñotzun abenduaren 30ean emango du­en kontzertuarekin; eta ikusmin haundia sortu du, beste behin: ordu gutxitan agortu ziren kontzerturako sarrerak, ostiralean. Goizean jarri zituzten salgai 130 sarrera, 8 euroan, Ereñotzuko Auzo Udalean eta Hernaniko Biteri kultur etxean; eta arratsaldeko 16:30etarako, sarrera guztiak zeuden salduta.

Urte aldrebesari, bukaera ala­­iagoa eman nahi izan dio Olak Auzo Elkarteak, eta Hernaniko Udalaren laguntzaz, Ereñotzuko frontoian antolatu du talde arrakastatsuaren kontzertua, arratsaldeko 19:00etan hasita. Segurtasun distantziak eta aforoak tarteko, 130 lagunek baino ezingo dute bertan egon, eta sarrerarik gabe, kontzerturako gogoz geratuko ziren hainbat.

Sarrera eskuratu dutenek, berriz, frontoiko eszenatokian ikusiko dute Huntzako seikotea; eta tartean, noski, baita taldeko bi hernaniarrak ere: Uxue Amonarriz eta Aitor Huizi.

2017an eskaini zuten kontzertua etxean, aurreneko aldiz: San Joanetan izan zen, Plazako taula gainean, ehunka herritarren aurrean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!