«Esperientziak konpartituz, konpromiso txiki eta egingarriak hartzea da asmoa»

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 17a, 00:00
Lau emakume, Aranoko saioetako batean. Esperientziak konpartitzea eta elkarrekin gogoeta egitea da tailerraren helburua.

'Erosketa ohiturak aldatuz' tailerra eskainiko du etzi, Ereñotzun, Ainhoa Ansa aranoarrak. Saioaren helburua da, gaia mahai gainean jarri, gogoeta egin, eta konturatzea bakoitzak zer aldatu dezakeen egunerokoan, erosketak modu jasangarriagoan egiteko.

Ingurumenari eta hondakinei begira, tailer berezia eskainiko du etzi, Ereñotzun, Ainhoa Ansa aranoarrak: Erosketa ohiturak aldatuz. Auzo Udaleko areto na­gusian izango da, Olak Auzo Elkarteak antolatuta, arratsaldeko 19:00etan. Eta saioan parte hartzeko, izena eman beharko da, aldez aurretik: 688 780 356.


Aranon, Goizuetan, Leitzan eta Areson eskaini du tailerra Ansak, lehenago; eta esperientzia «polita» izan da. Berak jarraibideak ematea baino, tailerraren helburua da gaiari buruz gogoeta egiteko espazioa sortu, esperientziak konpartitu eta erosketa ohiturak aldatzeko konpromiso txikiak hartzea. 

 

Ibilbide pixka bat badauka egina, 'Erosketa ohiturak aldatuz' tailerrak. Nondik dator?
Aranoko alkate nintzela, Agenda 21eko dirulaguntzak atera ziren, eta uztartu behar zen Agenda 21 zahartzaro aktiboarekin. Tailer hauek bururatu zitzaizkidan, jakintza elkartrukatzeko espazioak sortzeko asmoz. Zaborraren murrizketan oinarrituta sortu zen, erosketa ohiturak aldatzeko tailerra. Mendialdea mankomunitateko herrietan eskaini dut orain arte: Leitzan, Areson, Goizuetan eta Aranon, eta baita Araitzen eta Betelun ere. Eta hortik, Ereñotzukoek deitu zidaten, beraiek ere indar pixka bat egin nahi zutela murrizketaren inguruan, eta ea horrelako tailer bat emango ote nuen bertan ere. Martxorako hitzartu genuen, baina pandemiaren kontuarekin, orain arte atzeratu da.

 

Zein izango da tailerraren helburua?
Nik ez dut ezer erakutsiko. Bilatuko dut, konturatzea egunerokoan zein egoeratan hartu behar izaten ditugun erabakiak, eta nola hartzen ditugun: zenbat zabor ekartzen dugun etxera, non erosten dugun, nori erosten diogun... Kontzientzia hartu beharko genuke, erabaki horiek hartzeko: ahal den gutxien kutsatzen duena, ahal den gertuenekoa, ahalik eta plastiko gutxien dakarkiena... Horri buruz gogoeta egitea da tailerraren helburua; zaborraren murrizketari buruz, eta gure ekintzek ingurumenean duten eraginari buruz.

 

Kontzientzia piztea da kontua?
Askotan, ohitura kontua da. Beti erosi dugu denda horretan, modu jakin batera; eta ez gara pentsatzen jarri, hemen plastikotan bilduta erosten dudana, ondoko dendan plastikorik gabe erosi dezakedala. Jarriko bagina pentsatzen nola egiten ditugun gauzak, denok izango ginateke gai, modu kontzienteago batean egiteko. Baina askotan, presaka ibiltzearekin, ez dugu denborarik ateratzen, gogoeta egiteko ere. Saioaren helburua da, elkartu, gaia atera, eta horri buruz hitz egitea. Batenbatek, akaso, emango du ideiaren bat, bera hasi zela halako tokian erosten, arrazoi honengatik; eta besteak kontatuko du, orain bost litroko olio botila erosten duela, litrokoa beharrean, ontzi gutxiago erabiltzeko.

 

Esperientziak konpartitzea da helburua, beraz.
Bai, gai horretaz hitz egiteko espazioa sortuko dugu, eta hortik sortuko dira, seguruenik, konpromiso txiki batzuk, sekula pentsatu ez genituenak, oso zailak ez direnak, oso logikoak; baina eguneroko joan-etorrian, presaka eta errutinan sartuta, konturatu ere egiten ez garenak. Konpromiso txiki batzuk hartuta eta gure errutina pixka bat aldatuz, oso erraza izan daiteke, erosketa ohiturak aldatzea. Saiatu, behintzat, egingo gara.

 

Ohiturak aldatzeko, truko berezirik ez dago, ezta?
Ez, ez dago trukorik horretarako. Gainera, hasiko bagina zorrotz-zorrotz jartzen, hau eta bestea egin behar dela, iritsiko ginateke puntu batera, pentsatuko genukeena hau oso konplikatua dela; eta saturazioaren eraginez, alde batera utziko genuke. Hainbeste datu eta egin beharreko kontu ikusten eta entzuten ditugu telebistan eta irratian, nazkatu egiten garela.  Ez dugu hori dena kolpetik aldatu edo egin behar. Bi edo hiru jarrera hartu, eta hortik aurrera, pixka bat aldatzeko, erosketa ohiturak.

 

Nola izan da tailerraren esperientzia, orain arteko saioetan?
Mendialdean egindako saioetan, polita izan da esperientzia. Oso konpromiso errealak sortu eta hartu ziren, oso egingarriak. Eta gerora komentatu izan didate batzuek, hasi direla beste modu batera erosten. Formula magikorik ez dago, eta bakoitzak ikusi behar du zer egin dezakeen berak. Baina beharrezkoa da, horretan pentsatzen jartzea; eta teoriatik aparte, norberaren egunerokoaren gainean gogoeta egitea.
Mendialdeko herrietan, bina saio egin nituen: bat erosketa ohituren inguruan, eta bestea berrerabilpenaren inguruan. Eta Ereñotzun, dagoeneko oso ja­rri­ta daude birziklapenaren eta berrerabilpenaren kontuarekin; eta planteamendua izan da pauso bat aurrerago joatea, zabor gutxiago sortzeko, erosketa ohiturei erreparatuta.

 

Jendearen partehartzea bilatuko duzu, ezta?
Bai, hori da. Aurrekoetan, bigarren zati bat izan du tailerrak, josteko makinak eramanda, eta poltsa bana egin zuten partehartzaileek. Horrelakorik ez da izango etzi, segurtasun neurriak direla eta. Eta beraz, zati praktiko hori ez du izango. Baina praktikotasuna ez dira eskulanak bakarrik. Tailerra ez da teorikoa izango, oso praktikoa baizik. Izan ere, bilatuko dena da, saiotik ateratzea erosketa ohitura batzuk aldatu eta taldean konpartitutakoak praktikan jartzeko gogoz.

 

Zeinentzako modukoa da tailerra?
Printzipioz, edonorentzako da aproposa; kontsumitzaile garen guztiontzat. Erosketa ohiturei buruz ari garela, jende heldua espero da, printzipioz. Baina haurrek ere ez dute atea itxita izango, eta haiek ere ohitura horiek hartzea, ez da kaltetan izango.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!