'Erosketa ohiturak aldatuz' tailerra izango da ostegunean Ereñotzun, Auzo Udaleko areto nagusian

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 15a, 00:00

Erosketak modu jasangarri batean egiteaz arituko dira ostegunean. Arratsaldeko 19:00etan izango da, eta aurretik izena eman behar da.

Olak Auzo elkarteak antolatuta, Erosketa ohiturak aldatuz tailerra jarri dute martxan. Ainhoa Ansa arituko da dinamizatzaile lanetan, eta berak azalduko du nola egiten diren erosketak modu jasangarrian. «Gure hondakinak birziklatzen ditugu, berrerabili ere bai batzuetan... baina besterik egin al dezakegu? Erosketak modu jasangarri batean egiteaz  hitz egingo al dugu?», aurreratu dute hitzaldiaren kartelean.

Aurreko urtean ere egin zituzten gai horren gaineko tailerrak Aranon eta Goizuetan, Mendialdea Mankomunitate­ak antolatuta. Bertan landu zu­ten nola egin erosketak, zaborrik sortu gabe, eta zer egin daitekeen, egunerokoan zaborra ekiditeko. Arrakasta izan zuten joan den urteko saioek eta, beraz, aurten ere tailer hori errepikatuko dute, baina oraingo honetan, Ereñotzun.

 

Aldez aurretik eman behar da izena, tailerrerako

Esan bezala, datorren ostegunean emango du tailerra Ainhoa Ansa aranoarrak, Ereñotzuko Auzo Udaleko areto nagusian. Arratsaldeko 19:00etan izango da, eta aforoa mugatua denez, tailerrean parte hartu nahi duten herritarrek aldez aurretik eman behar dute izena. Horretarako modu bakarra dago: 688 78 03 56 telefono zenbakira deitu edo WhatsApp zenbakira idaztea. Beraz, erosketak zaborrik sortu gabe nola egin ikasi nahi duten herritarrek ostegunean dute horretarako aukera, aldez aurretik izena emanda.

Joan den urtean Mendialdeko Mankomunitateak antolatutako tailerren barruan zegoen ostegunean Ainhoa Ansak aurkeztuko duen hau, baina honetaz gain, bezegoen beste bat ere. Berrerabiltze, berreskuratze nahiz zaharberritze tailerra egin zuten, eta etxean hondakin izateko zorian dauden gauzei aukera berri bat nola eman ikasi zuten bertan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!