Duela gutxi kaleratu zuten Bertso musikatuak izeneko diska, eta gaur estreinatuko dute lehen aldiz, Ereñotzun. Bertakoak dira bi anai-arrebak eta, beraz, kontzertu berezia izatea espero da. Elik sortu ditu bertsoak eta Manexek jarri die musika. Horrela, konbinazio perfektua sortu dute eta gaur erakutsiko dute frontoian.
Kontzertu bat bertsotan da emanaldiaren izena. Doakoa da, baina gonbidapena aldez aurretike eskuratu behar da 688 780 356 telefono zenbakira deituta.
Konfinamenduan sortu zen diska egitearen ideia
Kronikarako egindako elkarrizketan, azaldu zuten martxoan izandako konfinamenduan hasi ziren diskarako abestiak sortzen. Nahigabean izan zen, «jolas moduko batekin». Elik bertsoak egiten zituen eta Manexi eskatzen zion musika jartzeko, eta horrela, pixkanaka, abestiak sortzen joan ziren. «Kasualitatea izan zen, jolas hau egin eta pare bat egun igaro ostean, Berriatik deitu zidatela, bertso batzuk egiteko», azaldu zuen Elik. Egunkariaren deia jaso ostean, Elik anaiari proposatu zion elkarrekin egindako bertso musikatuak aurkeztea, eta hori bera egin zuten. «Modu landuagoa batean, elkarrekin egitea erabaki genuen».